Miren Manias.
EKOGRAFIAK

'Top Boy'

2019ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Zentzu hertsian, hau ez da Netflixen telesail berria. Top Boy Erresuma Batuko Channel 4 katean eman zuten lehendabizi, 2011n. Hain zuzen ere, bi denboraldi ekoitzi zituzten; lau atalez osatutakoa bakoitza. 2013an, baina, zaleek pena handiz hartu zuten telesailaren amaiera. Lehen denboraldiaren estreinaldia, zehazki, 1,1 milioi ikuslek jarraitu zuten. Eta lau gauez datuak mantentzea lortu zuen. 2017an, aldiz, Kanadako Drake rap kantariak agertutako interesari jarraikiz, Netflixek telesail britainiarra berreskuratzeko asmoa iragarri zuen. Irailaren 13an ikusi dugu horren fruitua; halere, AEBetako bideo plataformak telesailaren jatorrizko izena (Top Boy: Summerhouse) moldatu du: Top Boy: Lehen denboraldia (2019).

Ez da aurreneko aldia Netflixek hori egiten duena. La casa de papel-en lehen bi denboraldiak, esaterako, Espainiako Antena3 telebista katean eman zituen, Netflixek produkzioaren emisio eskubideak eskuratu aurretik. 2017ko amaieran izan zen hori. Ondotik, 2018an, La casa de papel: 3. zatia bataiatu zuen Netflixek. Argi dago izen aldaketa dela telesailen aurreko denboraldiak Netflix originals markatik bereizteko saiakera. Hala eta guztiz ere, protagonista nagusiei eta istorioaren trama berari eutsi diete adibide gehienetan. Baita Top Boy krimenezko dramaren kasuan ere.

Londresko droga merkatua da testuingurua, eta Dushane (Ashley Walters) eta Sully (Kane Robinson) dira protagonistak. Bata erbestetik (Jamaika) itzuli da, eta bestea kartzelatik irten berria da. Summerhouse auzoan, aldiz, Jamiek (Michael Ward) dauka droga trafikoaren kontrola, eta ez dago boterea galtzeko prest. Top Boy-k antzekotasun ugari ditu The Wire (2000-2008) telesail amerikar mitikoarekin. Komunitate beltza edo komunitate etniko desberdinak eta droga trafikoa ardatz dituen gidoi apartekoak dira biak. Hizkuntza erabilerak testuinguruko langile klasearen hitz egiteko modua ezin hobeto islatzen du bietan ere. Telesail britainiarren kasuan, Afrikako, Jamaikako eta Turkiako jatorria duten londrestar komunitateak azaltzen dira. Horrez gain, immigrazio politikak ere salatzen dira. Besteak beste, Erresuma Batutik modu okerrean deportatutako Windrush generation auziko biktimena. Laburbilduz, Londres garaikidea ezagutzeko parada interesgarria da telesaila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.