Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

'Criminal'

2019ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Netflix plataformak saiakera interesgarria egin du denboraldi honetan. Nonbait irakurri dut lehen ekoizpen «transeuroparra» izan dela, eta nahiz eta gehitxo esatea iruditzen zaidan, onartu behar zaie Criminal telesailak planteamendu berritzailea duela. Telesailerako, polizia-etxe bateko galdeketa gela bat, kristalaren beste aldeko kontrol aretoa eta haien kanpoan dagoen korridorea eraiki dituzte. Dekoratu horretan 40 minutu inguruko hiru atal garatu behar izan dituzte lau taldek: Alemaniakoak, Erresuma Batukoak, Espainiakoak eta Frantziakoak. Interesgarria da planteamendua, eta interesgarria emaitza, eremu berean pertsonaiak eta istorioak garatzean talde bakoitzak berera eraman duelako ekoizpena. Interesgarria, beraz, bai; borobila, ordea, beste kontu bat da.

Egia esateko, nahiko ahula iruditu zait telesaila orotara. Aktore bakan batzuen lan bikaina alde batera utzita, kontatutako istorioek ez dute ezer berezirik. Planteamendua zein den jakinda, beldur nintzen originakegiak izan nahian ez ote zituzten istorioak gehiegi korapilatuko. Asko harritu nau joera nagusia kontrakoa izatea. Talde bakoitzak etxeko egunerokotasunera jo du (britainiarren azken atala iragarlea ere izan da, tamalez), eta, ariketa horretan, guztiak bakoitzaren ohiko klixeetan erori dira. Alemaniarrak bi Alemanien garaiko trama ezkutua lantzen du; Erresuma Batukoan, alkoholarekin arazoak dituen pertsonaia bat dago; espainiarrak sugezarrerako joera du; eta frantziarrean adulterioarekin harremanetan dauden tramak darabiltzate behin eta berriz (beti eman dit atentzioa frantziarrek ezkon-nahasteekin eta adin ezberdineko pertsonen arteko harremanekin duten obsesioak).

Hasieran aipatu dizuet aktore batzuen lanak merezi duela, eta hori da telesailaren gauzarik hoberena. Lauetan daude lan bikainak, eta zaila da alor horretan bat nabarmentzea; akusatuak dira rol borobilak egiten dituztenak.

Criminal telesaila lau telesailen moduan eman du azkenean Netflixek, eta ez dakit hori akatsa izan ez ote den. Behin planteamendu horrekin lanean hasita, ondo legoke laurak jarraian ikusi ahal izatea, telesail berberaren lau denboraldi moduan. Aukeratutako sistemarekin, lauen arteko alderaketara jotzen duzu nahi gabe, eta helburua ez luke horrek behar, benetan «transeuroparra» izatea nahi bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.