Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

'Gaubela Experience'

2019ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Basque Experience saioa estreinatu zuen igandean ETB2k. Edo hori uste dut, ez bainuen ikusi. Eta zergatik ez nuen ikusi? Ba 23:15ean eman zutelako. Bai, gaueko 23:15ean. Hau da, lantalde bat gora eta behera ibili da gure geografian barrena hilabeteetan zehar lan eta lan, eta ez dakit zenbat diru xahutu dugu ekoizpen horretan. Eta zertarako? Bada, saioa amaitu eta igande gau bateko 23:15ean estreinatzeko.

Langileei zein diru publikoari erakusten dion errespeturik ezaz gain, erabaki horrek beste zerbait ere erakusten digu. ETBri bost axola zaiola bere saioek funtzionatzen duten edo ez (batzuek, behintzat). Ez dakit zuek, baina ni goizeko 07:30ean esnatzen naiz egunero. Nahiko lotia izan naiz beti, eta, ahal bada, zortzi ordu lo egitea gustatzen zait. Horregatik, 22:30ean ohean izaten naiz normalean, apur bat irakurri ondoren Morfeorekin solasean hasteko. Nire lagun gehienak, ordea, goizeko 06:00en bueltan esnatzen dira; eta ezagutzen ditudan beste asko, 05:00ak aldera. Gauzak horrela, zein jenio klasek uste du 23:15ean hasten den saio batek ikusle kopuru duin bat izango duela? Programazioaren zein ameslarik erabaki du, baietz, hori dela saio berri bat estreinatzeko ordutegi egokia?

Tamalez, arazo hau ez da Euskal Telebistaren kontua soilik. Albistegien ondorengo pre-primetime ordutegi madarikatu hori asmatu zutenetik ohituak gaude saio potoloak 22:30en bueltan ematera, eta badirudi ETBk berrikuntzaren aldeko apustua egin nahi izan duela Basque Experience 23:15era bidaliz. Martxa honetan, late night-a izango da prime time berria. Hoberena da hemendik hiru astera audientzia datuak ikusi eta norbaitek Basque Experience horrek funtzionatu ez duela erabaki eta saioa kenduko dutela. Eta are gehiago, adibide gisa erabiliko dutela etorkizunean beste saio batzuen alde ez egiteko.

Astean zehar nahieran ikusiko dut lehen atala, eta ostegunean kontatuko dizuet hasieran gaur kontatu nahi nizuena. Orduan hitz egingo dizuet barne turismoa indartzeko pentsatua den gaztelania hutsezko eta ingelesezko izenburudun saioaz. Eta baliatuko dut Adela Gonzalez programako aurkezlearen aldeko aldarrikapena egiteko. Hori, eta saioan ikusitakoaz, noski. Ea uste duzuen kritikak saioa ikusi aurretik idazten ditugula...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.