Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Guaraniera, aro digitalean

2019ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Egun normal batean jaso nuen ezustekoa. Aspaldiko lagun baten emaila, hain zuzen. «Interesgarria suerta dakizukeen» albiste baten Interneteko lotura erantsi zidan mezuaren gorputzean. Besterik gabe. Klik egin nuen bertan, eta zabaltzean honako hau irakurri nuen: «Can This Indigenous Language Thrive in a Digital Age?». Hau da, iraun al dezake hizkuntza indigena honek aro digitalean? www.sapiens.org antropologia webguneak zekarren berria, eta erreferentzia egiten zion hizkuntza indigena guaraniera zen. Hego Amerikan eta modu gutxituan hitz egiten den hizkuntza da—tartean, Brasilen, Txilen eta Argentinan—; ofiziala da Paraguain eta Bolivian. Egun, zazpi milioi hiztun inguru dauzka.

Guaraniera ahozko hizkuntza da. XVII. mendean guaranieraz idatzitako liburuak existitzen dira, baina landa eremutik harago, apenas den nabaria. Paraguaiko bost milioi biztanlek baino gehiagok erabiltzen dute. 6,8 milioi lagun bizi diren herrialde batentzat, esango nuke, kopurua handia dela. Bestalde, guaraniera Ameriketako hizkuntza indigena bakarra da, jatorri indigena ez duen komunitate batek hitz egiten duena. Baina horrek bakarrik ez du hizkuntza berezia egiten. Baita mendeetako kolonialismoari eta errepresioari aurre egin izanak ere. Orain, hainbat ekintzailek guaraniera loratu nahi dute eremu digitalean; izan ere, gizartea gero eta digitalagoa da.

Hor dago zailtasunik handiena: nola loratu idatziz askorik erabiltzen ez den hizkuntza indigena bat aro digitalean? David Galeanok argi dauka: «Pentsatu behar dugu zer gertatuko litzatekeen eremu digitalean dena gazteleraz gertatuko balitz, eta ezer ez guaranieraz. Guretzat, horrek guaranieraren heriotza ekarriko luke». Horregatik, 2007an, Galeanok eta haren lagunek guaranierazko Wikipedia (Vikipetã) sortu zuten. Egun, 15.000 artikulu baino gehiago dauzka webguneak. Horrez gain, 2013an, Mozilla Firefox eta Aguaratata Interneteko nabigatzaileen guarani- erazko bertsioak sortu zituzten. Ahalegin horrek bi urte baino gehiagoko lana eman zien ekintzaileei, eta 45.000 termino inguru itzuli zituzten.

Guaranieraren kasua aro digitalean hizkuntza indigenak sustatzeko eredu gisa har liteke; eta aro digitala, berriz, hizkuntza horien kontrako errepresio eta kolonialismo prozesutzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.