Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Historia egiten

2020ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Gaur bertan eskainiko du ETB1ek Itxi liburuak saioaren bigarren atala, eta, joan den asteko estreinakoa ikusi ondoren, ikusiko dut. Ikusi aurretik, ausarta bezain arriskutsua iruditu zitzaidan historia prime time-an jartzearen apustua, eta gogotsu nintzen nola egingo zuten ikusteko. Laburbilduz, saioak gai bat aukeratzen du atalero: Donostiaren 1813ko suntsiketa lehendabizikoan, eta gonbidatu batek, Onintza Enbeitak kasu horretan, gaiaren inguruan ikasiko du, Gaizka Aranguren dibulgatzailea gidari. Horrek guztiak ikasle talde bati aukeratutako gertaeraren inguruan klase bat eskaini ahal izatea du helburu.

Onartuko dizuet ez nuela Gaizka Aranguren ezagutzen, eta asko gustatu zitzaidan aurkezle moduan. Tonu zorrotza du, eta erabat naturala egin zitzaidan. Azkenaldian ETB1en duen presentzia maila dela eta, zalantza gehiago sortzen zizkidan, ordea, lehen gonbidatua Onintza Enbeita izateak. Aipatu izan dizuet behin baino gehiagotan ETBk jendea asperduraraino xahutzeko duen zaletasuna, eta beldur nintzen ez ote zen Enbeita izango hurrengo biktima. Ba oraingoz ez, eta irribarre batzuk ere lapurtu zizkidan saioan zehar. Onartuko dizuet, hala ere, oso atsegina egiten zaidala eta ez naizela, agian, erabat objektiboa. Ulertzen dut zergatik izan den lehen gonbidatua. Lehen saio bat grabatzeko, gauzak asko errazten baititu aukeratua medioa ezagutzen duen norbait izatea. Hala ere, etorkizunean, telebistan hainbeste ageri ez den jendea gonbidatzen saiatu beharko liratekeelakoan naiz.

Saioak erritmo egokia du, interesa piztu eta mantentzen du. Batzuetan, agian, gionizatuegi egotearen sentsazioa eman dit, baina hori lehen saioa izatearen ondorioa izan daiteke. Azalpen historikoetarako erabilitako animazioak erabilgarriak zein ederrak iruditu zaizkit, baina, aldi berean, horiekin kontrajarriz, infografiak oinarrizkoegiak ikusi ditut.

Saioaren amaieran, ondorio ezberdinak ateratzen ditu Aranguren gidariak, eta horietako batean aipatzen duen zerbaitekin geratu nahi nuke: historia egitearekin, hain zuzen ere. Historia, bi aldiz egiten baita: gertatzen denean, eta kontatzen denean. Horregatik da saioa hain garrantzitsua eta pozgarria. Gure historia ere, gurea izango baita, guk kontatzen badugu. Eta prime time-an bada, hobe. Zorionak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.