Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Azken aetzaren balada

2020ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Betor lainoa / Arpeatik sigi-saga, komantalebú, Anbrox? / zer dio azken artzainak?» Horrela hasten da Pettik Etxeko Uztarekin kaleratu zuen diskoko Azken aetzaren balada. Kanta horrekin, eta Eneko Barberenak idatzitako hitzekin, oroitu nintzen Filmin enpresa kataluniarrak euskarazko kanala zabaldu duela irakurri nuenean.

«Estal bitza gure lotsak, / gure agoniak, / gure aieneak, / irentsi baitira erranak, / isildu arranak, / intimitate apur bat behar baitu / hiltzera doanak». Joan den astean nik neuk egingo nukeen baino txukun eta zorrotzago azaldu zuen Miren Maniasek txoko honetan jaiotza horrek suposatzen duen gazi-gozoa eta inguruan duen, eta ez duen, guztia. Hori dela eta, ez dut denborarik galduko Filminen euskarazko kanalaren inguruko datuak eta ez-datuak ematen.

«Betor basoa, / estali bitza soroak, / ekologismoagatik ez dira mozten basoak, / hartzak baino bakanagoak dira beso gazteak, / printza ditzala eliza frontoiak, / ez bitez etor frantximentak / jar itzazue bentak, / erosteko tabako ta koñakak, / sobera jada hiltzaileen lezioak, / duintasun hori irabazia du hiltamuan denak, / harro hilko dira aetzak». Horren ordez, Pettiren kanta ekarri nahi izan dizuet —disko borobil baten parte dena, bide batez—. Zutabe hau irakurri ondoren entzuteko parada hartuz gero, eguna balekoa izango duzue. Badira kantak une zehatz batean sentitzen duzuna zuk zeuk baino hobeto azaltzen dutenak, eta horixe gertatzen zait niri ordainpeko plataforma batean agertu den lehen euskarazko kanalaren jaiotza eta Azken aetzaren balada honekin.

«Oraingoan bazoazte koblakariak, sorginak, / menditarrak, artzainak, almadiazainak, / kontrabandistak, / historiaren osinera, / egin irribarre zure azken egunetan, / gera bedi zutaz oroitzapen on bat, / Urtxuriak eta Urbeltzak gazitu dute Irabia, / gipuzkoarrak etortzear daude / zu salbatzera». Ez dakit zergatik oso ondo, baina nahiko argi dut joan den astean Donostiako Un país para escucharlo saioari esker, jabetu nintzen nire barnean dagoen etorkizuna iragartzeko boterearekin harremanetan dagoela—ikus saioaren inguruan egin nuen aurreikuspena—. Hasteko, nafarrei gipuzkoarrak ez bezala, kataluniarrak etorri dira dagoeneko gu salbatzera. Eraiki dezagun guk gure bidea, arren, beranduegi izan baino lehen.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.