Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Duela 35 urteko xanpaina

2020ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Xabier Letek Langile baten semea kantuan zioenak ondo laburbiltzen du euskaldunon historia, edo euskaldun gehienok geure historiaz dugun pertzepzioa bederen: «Ardo mindua edanaz Historiaren tabernan, nahiz muturreko galanki jaso bueltan ezin eman». Historia zaharrean ezer gutxi ospatzeko —Orreaga?—, eta azken hamarkadetan ere apenas! Baina ez al da hori, ondo pentsatuz gero, herri guztien historiaren patua? Zein herriren historia da xanpain jario huts?

Gure gertuko historian, Joseba Sarrionandiak eta Iñaki Pikabeak Donostiako kartzelatik ihes egin zutenekoa da ospakizun kolektibo zabaldu samarrerako aitzakia izan diren gertakari bakanetako bat, eta horri heldu zion, asteartean, ETB1eko Ur handitan saioak, Ahaztu aurretik azpi-izenburuarekin hasi duen aldi berriko lehen erreportajean. «Dena drogak eta bonbak ziren garaian», festa giroko kantu bat ernetzeko balio izan zuen 1985eko gertaera hark, Lourdes Darcelesek, Fermin Muguruzaren euskara irakasle ohiak, erreportajean esaten duen moduan: Kortaturen Sarri Sarri: «Zaila dugu sortzea doinu gozoagorik, Sarri dio herriak txanpainaz ospaturik», dio kantuak. Xanpain tanta batzuk zintzurreratu baitzizkion ardo minduz enpo zegoen askori balio sinboliko handiko ihesaldi mitiko hark.

Ihesaldia bera eta bi iheslariek Donostiako Egia auzoko etxe batean hiru hilabetez iragandako ezkutaldia izan zuen gai nagusi saioak hasieran. Historiaren barruko istorio txiki eta ezkutuak ezagutzeak izaten duen xarma izan zuen Iñaki Pikabea etxe hartara itzultzen ikusteak eta etxean babes eman zion familiako kideetako baten lekukotasunak entzuteak. A zer lasaitua hartu zuen gizonak bi apopiloek muga pasatu zutenean! Ondoren, garai hartako Sarrionandia eta gaur egungoa nolakoak diren erakusten saiatu zen erreportajea, protagonista kamera aurrean jartzea lortu ez bazuen ere.

Galdera batzuei erantzuteko eta beste batzuk planteatzeko balio izan zuen erreportajeak, eta argi geratu zen gertutik jarraitu beharreko saio interesgarria izango dela Ur handitan-Ahaztu aurretik. Hurrengo asteetarako iragarritako gaiek hori baieztatzen dute: Yoyesen hilketa, Euskalduna ontziolako gatazka, Korrika, Josu Muguruzaren hilketa, himalaismoa...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.