Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Geure beltza

2020ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Non dago Josu Izagirre? Bizirik ote dago ala hilda? Zer gertatu ote zaio? Zergatik daude haren ingurukoak, itxuraz behintzat, hain lasai? Eta delako Nerea Garcia petral honi zer gertatzen zaio? Zergatik da hain uzkur eta gozakaitza? Ez al dizu norbait gogora ekartzen?

Herenegun estreinatu zen ETB1en Koldo Almandozen Hondar ahoak telesaila, eta galdera horiek eta beste asko utzi dizkigu zintzilik hurrengo atalen zain. Abian da, badugu geure Basque noir telesaila, badugu geure beltza, eta albiste ona da, batez ere kontuan izanda zelako talde profesional bikaina jarri den zeregin horretan eta emaitza ere, oraingoz behintzat, aitzakiarik gabea dela, oso egikera onekoa, nahiz eta nahiko estu lan egin behar izan duten guztiek lana garaiz eta taxuz amaitzeko, Nagore Aranburuk eta Eneko Sagardoik, estreinaldia baino pixka bat lehenago, Biba zuek! saioan kontatu zutenez. Abuztuan, pandemia eta maskara garai betean, ezinezkoak ziruditen lan erritmoetan aritu behar izan omen zuten ezina ekinez egingo bazen, egin beharrekoa egitera iritsiko ez denaren larritasunez. Emaitzan ez dira igartzen presa horiek. Telesailak zepoan harrapatu eta bigarren atala ikusteko gogoz utzi gaitu.

Ondarroan filmatua dago Hondar ahoak, eta pertsonaia batzuk Ondarroako euskaraz mintzo dira. Ez zait iruditu horrek ekarpen handirik egiten dienik ez pertsonaiei eta ez tramari. Horregatik, nahiz eta denok dakigun Ondarroako euskara marabilli dela, eta nahiz eta badakidan askori aberasgarria irudituko zaiela, niri deserosoa egin zait Iñaki Beraetxe, Joxean Bengoetxea eta Sara Cozar Ondarroako euskaraz mintzatzen entzutea. Driblina alferrikako akrobaziaz apaintzen duten futbolariak ekarri dizkidate gogora. Kontuak kontu, ikusmin handia piztu du Hondar ahoak-ek, eta ondo erantzun dio ikusmin horri. Baina ikusmin hori handiagoa ere izan zitekeen, Urtzi Urrutikoetxeak hainbat txiotan azaldu duen moduan, azpitituluen erabilera ustiatuz gero: «Ez naiz esaten ari [azpitutuluak] emisioan txertatzeko, agintearekin jartzeko aukera izatea baizik. Eta jendeari aukera horri buruzko kanpaina egiteko, euskarazko produktuetara erakartzeko. Espainolezko azpidatziak erdaldunentzat aukeran, baina baita euskarazkoak ere hala nahi dituenarentzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.