Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Errealitatea ihesi beti

2020ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
EiTB Kultura saioko kultur gomendioetan, diskoez, liburuez eta filmez gain, bi bideo-joko ere aipatu zituen joan den astean Joseba Larratxe Josevisky komikilariak: Bartzelonako Nomada estudioaren Gris eta Irungo Zomorro Estudioaren hainbat. «Kulturaz hitz egiterakoan bigarren maila batean geratzen dira bideo-jokoak», Larratxeren ustez, «bigarren mailan geratzen badira. Bideo-jokoak XXI. mendeko arte garaikidea dira».

Duela bi urteko Durangoko Azokan, Etzi Portu Maritimoa kolektiboaren ATOPIArpg rol-jokoa izan zen Sormen Bekaren irabazlea. Euskal kultura garai berrietara egokitzen ari dela erakutsi zuen, hainbaten ustez behintzat, liburu eta diskoentzat sortutako azokarik garrantzitsueneko sormen bekaren irabazlea rol-joko bat izateak.

Zenbatgarren artea ote dira bideo-jokoak? Zenbatgarrena rol-jokoak? Norbaitek zinema Zazpigarren Artea izendatu zuen garaian, ondo zedarritu eta definituta bide zeuden arte adierazpideak, baina gaur egun oso bestelakoak dira kontuak. Modu berriak sortu dira, lehengoak eraldatu eta elkarren artean nahastu... Logikoa da, saihetsezina. Aldakorra eta atzematen gaitza da errealitatea, ihes egiten dio definizio eta sailkapenei, eta sormen artistikoari beste horrenbeste egitea dagokio.

Telebista ere ez da lehen izan zena. Ez du garai bateko nagusitasunik, erreferentzialtasunik. Aspaldi galdu genuen goizean ikaskideekin edo lankideekin elkartutakoan bezperan telebistan ikusitako saioaz hitz egiteko ohitura zaharra, hain kohesionatzailea, hain komunitate-sortzailea. Begi aurrean izaten genuen pantaila ia bakarra izan zena bat gehiago baino ez da orain, eta beste batzuk askoz denbora gehiagoan izan ohi ditugu begien aurrean.

Horrez gain, berak izandako aldaketek ere eragin dute telebistaren erreferentzialtasun galera hori. Lehen kanal gutxi batzuk baino ez zituen eskaintzen, orain ezin konta ahala; eta ez daukazu programatutako orduan piztu beharrik nahi duzun saioa ikusteko, biharamunean ere ikus dezakezu berdin-berdin. Areago, telebistatik kanpo ere ikus dezakezu telebista, nahieran eta noiznahi, eskuko telefonoan, tabletan, ordenagailuan... Eta nahieran eta noiznahi eskura daukaguna gutxiesteko joera hain da gizatiarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.