Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Txipiroiarenak

2021eko urriaren 8a
00:00
Entzun
Hala nioen azken zutabean: Netfixen eduki arrakastatsuenak ikusi dituen gizabanako bakoitzeko, ikusi ez dituen 95 lagun daude. Bada, ni 96. hori naiz, mainstream joerak besarkatzen dituen harpidedun zintzoa. Tendentzia orokorraren tentakulo luzeek harrapatu naute ni ere: Squid Game edo Txipiroiaren Jokoa izeneko telesail korearra ikusi dut, hasi eta buka. Eta eskerrak, ondokoekin berriketan aritzeko aitzakia paregabea bihurtu baita egunotan —zertarako nahi dugu telebista, eguraldiaz gaindiko hizketagai kolektibo bat eskaintzeko ez bada?—. Solasaldi horietan atera diren hiru ideia edo galdera dakarzkit hona. Erositako prezioan; eta ahal dela, spoiler-ik gabe.

Lehena. Lehia edo joko odoltsuetan oinarritzen da telesaila, eta hainbat lanekin lotu dute adituek: Saw, Alice in Borderland eta Hunger Games. Baina oso bestelakoa den erreferentzia bat aipatu dit lagun batek, are aproposagoa: Humor amarillo. Tele5 telebista kateak erosi eta iruzkin umoretsuekin —arrazistak, dena esan behar bada— jantzi zuen formatu japoniarretik eratorriak dira elementuak; ehunka parte-hartzaile proba gogorrei aurre egiten, eta soilik bakar batek eskura dezakeen sari potoloa; diru poltsa ederra. Ez ote gara uste baino lehenago izan —geure sofa erosoetatik— egiazko Txipiroiaren Jokoen ikusle?

Bigarrena. Luzaroan eta asko hitz egin dugu fikzioaren botereaz; Hollywoodek eta abarrek izan duten gaitasun ideologizatzaileaz. Bada distopien orokortzea etsipena eta beldurra eragin nahiarekin lotu duenik ere. Squid Game beste joera baten erakusle da, ordea. La Casa de Papel, Antidisturbios edo Parasite lanek bezala, itxura batean, gobernuekin —eta nagusiki, aberatsekin— kritikoak diren eduki masiboen zerrenda luzatu du. Zer dago joera horren atzean? Merkatu eskaera bati erantzuteko nahia da soilik? Asimilazioa da? Izango du edukion arrakastak oihartzunik gure balio-sisteman? Denborak esango du.

Azkena. Abiapuntua interesgarria izanik ere, izugarri zaila da telesail bati amaiera ona ematea. Egileak berak aitortu du film luze gisa irudikatu zuela lehenik, eta nire susmoa da proposamena enkarguz moldatu behar izan duela. Zaila da amaiera borobiltzea. Zer esanik ez balizko denboraldi baterako bidea zabaldu behar bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.