Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

'L' hizkia

2021eko urriaren 14a
00:00
Entzun
LGTBIQ+ hizkien artean L hizkiak telesailetan presentzia gutxi eduki du. Lesbianak diskriminazio bikoitza dugu: alde batetik, homosexualak izateagatik, eta, bestetik, emakume izateagatik. 2000ko hamarkadan lesbianentzat erreferentzia oso gutxi zeuden. Alde batetik, Ellen DeGeneresen talk show-a zegoen, baina L hizkiari ikusgarritasuna The L Word telesailak eman zion, 2004. urtetik 2009. urtera. Nire belaunaldiko lesbiana orok telesail hori ikusi dugu; nik, esaterako, Youtuben aurkitu nuen telesaila, eta kazetaritza Bilbon ikasi nuen bitartean pisukideekin ikusi nuen.

Hamar urte baino gehiago pasatu ondoren, telesail horren reboot-a ikusgai dugu Movistar Plusen. Telesailaren izena aldatu da baita ere, The L Word Generation Q deitzen da orain. L hizkiari garrantzia kendu gabe queer komunitateak indarra hartu du telesail berrian. Shane, Bette eta Alice, telesail originaleko pertsonaiak, bertsio berrian daude, eta lehen denboraldian belaunaldiaren desberdintasunak agerian geratu ziren. Abuztutik ikusgai dugu bigarren denboraldia, eta bertako trama berriak lehenengo denboraldikoak baino interes handiagoa pizten ari dira. Telesail berriaz ez dut hainbeste hitz egin nahi, eta telesail originalaren fenomenoa goraipatu nahiko nuke. Bere garaian lesbianen inguruko estereotipo asko apurtu zituen telesailak. Emakume haiek goi klasekoak ziren, eta emakume lesbianak izan nahi duguna izan ginatekeela erakutsi nahi zuen. Gai oso berritzaileak jorratu zituen bere garaian, eta transexualitateari tartea ere eman zitzaion. Bertan, gizon trans bat haurdun ikusi genuen, esaterako. Emakume lesbianak txortan ikusi genituen telesail horretan, eta lehen aldia zen horrelako eszenak pantaila txikian ikusten genituela. Protagonisten ardurak aniztasun handikoak ziren, baina buruko osasunaren inguruan asko hitz egiten zen, batez ere Jenny Schecterren pertsonaiaren buruko gaitzaren ondorioz.

Kultuko telesaila izan da The L Word, baina telesail berriak ez du telesail originalaren arrakasta bera eduki. Gaur egun, emakumeen arteko maitasun istorio gehiago ikusteko aukera dugu, eta, agian, horregatik telesailak ez du harrabots handirik sortu. Horrek ez du esan nahi emakume lesbianen presentzia berdindu denik, eta horrelako fikzioak beharrezkoak dira ikusgarritasuna lortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.