Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Baztertuak saritzen

2021eko urriaren 26a
00:00
Entzun
Sari banaketen ostean, sari horien inguruko iritzi asko sortzen dira. Zutabeak betetzeko aukera aparta izaten da, eta idazten duena, bere iritzia bota ostean, gustura geratzen da. Txoko honetan idazteko aukerari probetxu atera nahi diot gaurkoan. Liburuen inguruan idatziko banu, Carmen Mola-ren inguruan zer pentsatzen dudan esango nuke, baina telebista denez nire gaia, aurreko astean eman ziren Ondas sariak aztertu nahi ditut.

Bob Pop idazle, gidoigile eta aktorearen Maricón perdido telesailak komedia onenaren saria jaso zuen, Diego San Joseren Vamos Juan-ekin batera. Bob Popek bere bizitza erakutsi digu telesail horren bitartez, eta berak bizitako bazterkeria ikusi daiteke telesailean. Homosexuala eta lodia izateagatik baztertu zuten eskolan, eta Madrilera bizitzera joan zenean, pasarte nahiko gogorrak pasatu zituen, arrazoi berengatik. Bere bizipenak telesail egitea oso ausarta iruditu zitzaidan, eta eskolan bazterrean egon garenok bat egin dugu telesailarekin eta Bob Popekin. Horrelako telesail batek sariak jasotzea oso garrantzitsua da, eta eskolan zehar bazterretan egon garenoi mezu argi bat uzten digu: gauzak beti aldatu daitezkeela.

Sari horietan podcast onenaren saria jaso duten Victoria Martin eta Carolina Iglesias ere bazterretan egondakoen adibide dira. Estirando el chicle podcastak (Youtuben ere ikusgai) sari hori jaso du, Deforme Semanal-ekin batera. Azpimarratzekoa da bi saioek feminismoaren inguruan hitz egiten dutela beti. Azken urteetan bazterretatik atera dira bi saioak, eta Espainian entzuten diren podcast arrakastatsuenak dira gaur egun.

Estirando el chicle saioko bi esatariek beti aipatu dute eskolan jasan zuten baztertzea. Emakume ez-normatiboak izateagatik denetarik entzun zuten eskola garaian. Gaur egun, egoera horiei buelta eman diete umorearen bitartez, eta horrek bidea sortu du gaiaren inguruan gehiago hitz egiteko.

Entretenimenduko saio onenaren saria RTVEko Playz RTVEren edukiei eman diete. Bertan gazteei bideratutako edukiak sortzen dituzte eta, gainera, gazteen ahotsak jasotzen dituzte. Hiru produkzio horiek saria jaso izanak garrantzi handia du. Hemendik aurrera, bazterkeriaren aurkako mezuek bozgorailu handiagoa izango dutela dirudi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.