Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Euskara aberri

2021eko azaroaren 11
00:00
Entzun
Ehun urte pasatu dira Martin Ugalde Andoainen jaio zenetik. Bere aberria euskara izan zen, eta argi utzi zuen erbestean eman zituen urteetan. Venezuelan zegoela bere emazteari euskara ikasi behar zuela esan zion, ezkontzeko baldintza bakarra izan zen. Heriotzara arte euskararen alde lan egin zuen, eta Euskaldunon Egunkaria-ren sortzaileen artean egon zen. Duela hamazazpi urte hil zen, Egunkaria itxi eta urtebetera, baina gaur bere jaioteguna ospatzeko eguna da. Horretarako, Berria TBn bere bizitzaren inguruko dokumental laburra ikusi dezakegu: Martin Ugalde: bidea etxe, euskara aberri.

Ainara Ugalde alabarekin bere bizitzako herrien artean bidaia egingo dugu. Andoain, Caracas, Donibane Lohizune eta Hondarribia izan ziren bere etxeak. Venezuelara artxiboko irudiekin egingo dugu bidaia, beste herrietara autoz bidaiatuko dugu, Nagore Arinek eta Olatz Artolak grabatutako irudiekin.

Arantxa Iraolak haren alabaren testigantza jaso du, eta horri esker Ugalde nolakoa zen gehiago jakin dugu. Bere intimitatea gehiago ezagutzeko lehen planoan aurkezten diren irudiak eskaintzen dira lan horretan. Alabaren hitzak, bere gustuko txokoak eta bere errutinak ezagutuko ditugu. Idazkerarekin izan zuen lehen afizioa amari bidaltzen zizkion gutunekin hasi zen. Venezuelatik idazten zion Ainararen amonari, eta orduz geroztik ez zion idazteari utzi.

Erbestearen osteko egoera zaila izan zen Ugalderentzat eta bakarrik sentitu zela aipatzen du alabak. Bakardade horretatik lana atera zuen Ugaldek; idazteari ekin zion, eta basamortu batean bazegoen ere, sarea sortu zuen bere ekina aurrera ateratzeko. EAJrekin lan egin zuen, baina bera ez zen pentsamolde zehatz batekin geratzen eta ideologia desberdina zuen jendearekin lan egin zuen bere bizitzan.

Euskaldunon Egunkaria sortzeak poztasuna eman ziola adierazi du bere alabak. Proiektu oso berezia izan zen Ugalderentzat, bera baino jende gazteagoa aurkitu zuen eta euskara hutsezko proiektua sortzeko aukera izan zuen. Ainara Ugalderen iritziz, bere bizitzako proiektu garrantzitsuena izan zen eta inoiz ez zuten hitz egin amaieraren inguruan. Ugalderen inguruan asko hitz egin da, baina mendeurrena ospatzeko bere alabaren hitzak jasotzea oso baliotsua iruditu zait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.