Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Nerabezaro lapurtua

2022ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Elite (Netflix) telesailak adikzioa sortzen dit. Telesaila hasi zenetik, kapitulu guztiak betekada batean ikusi ditut. Telesailak kritikatzeko gauza asko dituen arren, lehen atala hastean, azkenera arte dena ikusiko dudala badakit. Duela hilabete atera zen bosgarren denboraldiarekin ez zait berdin gertatu. Formatua berriro ere errepikatu dute, eta agian horregatik, desintoxikatzeko aukera eduki dut denboraldi honetan.

Azken denboraldia asko kritikatu da pertsonaiak hipersexualizatuak daudelako, baina kritika egiteko gauza gehiago ditu. Bifobia eta homofobia erakutsi nahi izan dizkigu futbolari baten tramarekin. Istorio horrek interes txikia piztu dit, eta bifobia gehiago sortzeko balio izan duela esan daiteke. Horrez gain, arrazismoa jorratu nahi izan dute berriz ere. Horretarako, estereotipoz betetako gazte baten istorioa kontatu dute. Arrazismoari kritika egitea bazen haien helburua, bide okerrena hartu dute hori egiteko.

Telesailean sortzen diren bikote guztiek harreman nahiko toxikoak dituzte, eta askok gaizki amaitzen dute, baina atentzioa eman dit heterosexualak ez diren bikoteek gaizki amaitu dutela. Aldiz, heterosexualen etorkizuna hobeagoa izan da kasu batzuetan.

Argi dago Élite-k ez duela nerabeen errealitatea islatzen, eta are gutxiago LGTBIQ+ kolektiboarena. Homosexualitatea nerabezaroan nola bizitzen den hobeto erakusten duen telesaila Heartstopper (Netflix) da. Hartan, homosexuala izateagatik nerabezaroan pasatzen diren zalantzak, depresioak eta bazterkeria erakusten dira, eta telesail horrek Élite-k baino gehiago erakarri nau azken asteetan.

Heartstopper telesailean nerabezaro lapurtua erakusten da. Duela gutxi konturatu naiz zer den nerabezaro lapurtua bizitzea, eta telesail horretako pertsonaia nagusiek modu oso egokian erakusten dute. LGTBIQ+ komunitatean, telesail horrek arrakasta handia izan du eta ez da harritzekoa. Komunitateko askok nerabezaroa oso gaizki gogoratzen dugu. Gure identitatea sortzen den une horretan galdera gehiegi ditugu buruan, eta poztasun gutxi. Horrelako telesailek nerabeen errealitatea hobeto erakusten dute; Élite-ko istorioek, aldiz, zientzia fikziozkoak dirudite. Netflixen sartzean aukera egitea besterik ez duzue, nire apustua argi dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.