Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Ulertu ezinik

2020ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Sarri gertatzen ez den gauza handia da oheratu aurreko ordubetetxoan euskarazko telesail bat ikustea, behintzat auzo-lotsaren ondorioz tarteka begirada pantailatik aldendu beharrean gertatzen ez bazara. David Perez Sañudoren Alardea telesailaren lehen atala gauza handia izan da, pozgarria, eta espero dezagun hala izatea hurrengo atalak ere; baita hurrengo hilabeteetan ikustekoak garen euskarazko beste bi telesailak ere, Koldo Almandozen Hondar ahoak eta Asier Urbietaren Altsasu.

Ezin diogu eskatu Alardea-ri handik eta hemendik iristen zaizkigun telesailek duten kalitate teknikoa, haiek, kasurik gehienetan behintzat, askoz ere aurrekontu handiagoz eginda baitaude eta bide luzeagoa egina dagoen zinemagintza baten fruitu baitira. Hori kontuan hartuta, Alardea-ren lehen atala ikustea gozamen eskergarria izan zen herenegun. Vamos a hacer historia ikustea eragotzi bazigun ere, ordu berean eman baitzuen ETB1en (ustezko?) haurrideak, ETB2k.

Hori guztia esanik (zuzen zaude, irakurle, orain dator «egurra»), akats tekniko batzuez gain —bigarren mailako aktoreen lana behar bezala zaindu gabea iruditu zait, adibidez, ahuldade nahiko serio bat du telesailak, oraingoz behintzat: «betiko» alderdi tradizionalaren aldekoen giroak duen agerpena, alderdi parekidearen bileretako giroarena ez bezala, zurruna, arketipikoa, topikoz betea eta kartoi-harrizkoa da, oso ñabardura gutxikoa. Konparazio gogor samarra eginez, ETAkoen eta haiengandik gertukoen giroak Patria, La línea invisible eta horrelakoetan duenaren parekoa.

«Ez da kontakturik izan, grabatu baino lehen, alardea [tradizionala] antolatzen dutenekin, eta horrek pista handia ematen dit», dio Joserra Urizek Alardea nola egin zen dokumentalean. Igartzen da gabezia hori lehen atalean. Ez da erraza alardean emakumeei parte hartzea eragotzi nahi dietenen jarrera eta jokabide setatia ulertzea, are gutxiago plastiko beltz nardagarriaren erabiltzaileena, baina badirudi telesail honek ez duela asko lagunduko horretan. Alarde parekidearen aldekoek egindako lana eta nozitutako sufrimendua ulertzen eta aitortzen lagunduko du, dudarik ez, baina horien aurkariak, oraingoz behintzat, ardoz bustiegiak eta arrazoiz gabetuegiak erretratatzen dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.