Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Aupa Athletic euskalduna!

2021eko otsailaren 11
00:00
Entzun
Angel Errok berripaper honetako bere zutabean, herenegungoan zehazki, kontatu zuen bezala, Espainiako telebistako kanal bateko kirol saio batean esan dute Athleticeko jokalariek beren artean euskaraz hitz egiten dutela aurkariek uler ez ditzaten, berria ilustratzeko Iñaki Williams jokalariaren argazki bat erakutsiz, ondoan hitz hauek idatzita zituela: «Luze (largo en euskara)».

Gai batek beste batera eramaten duenez, zilegi bekit gaur Athleticen fitxaketa-politikaz hitz egitea, Errok aipatutako anekdotak horretaz pentsatzera eraman bainau, eta sare sozial batean aurkitu nuen eztabaida batean parte hartzera. Hona hemen idatzi nuena, zuzenduta, emendatuta eta hobetuta: «Ez al da oso atzeratuta geratzen ari Athleticek jokalariak fitxatzeko erabiltzen duen lurralde-irizpide labain, eztabaidagarri eta mugatzaile hori? Ez al litzateke egokiagoa, gaur egungo ikuspegitik, euskal herritar izatea eskatu beharrean (EAEtik kanpoko Errioxa barne, arbasoak ere kontuan hartuta, muga batzuk ezin argituta eta abar), Athleticek, jokalariak fitxatzeko, euskaraz jakitea eskatzea, gutxieneko maila batean, edo, bestela, ikasten hasteko konpromisoa, astean hiruzpalau ordu eskainiz gutxienez euskara ikasteari —Patxi Lopezek baino serioago, jakina—, horrela, berdin izango bailitzateke behingoz jokalaria edo haren gurasoak non jaioak diren, eta Athleticek, etorri nahi duten edonongo jokalariei euskara eskolak ordainduta, edozein fitxatu ahal izango luke betiko garbitasunari eta tradizioari, espirituari edo dena delakoari modu garaikideagoan eutsita, futbolean emaitza hobeak lortzeko bidea zabaltzeaz gain. Aupa Athletic euskalduna!».

Ea nire proposamena ironikoa ote zen galdetu zidan eztabaida hartan parte hartzen ari zen batek, eta esan nion berez ez dela ironikoa, gauzatzeko modukoa iruditzen zaidala eta abantailak baino ez dizkiodala ikusten, baina ez nuen konbentzitu. Inor gutxi konbentzitu nuen, eta argi dago Athleticek ez duela fitxaketa-politika horrela aldatzea planteatu ere egingo gaur egun.

Baina telebistako anekdota batetik abiatuta ondo pasatu nuen Athleticentzat onuragarria litzatekeen plan bat prestatzen. Telebistak, are saiorik kaskarrenen bidez ere, gogoetarako eta dibertimendurako bidea ematen duela frogatu da berriro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.