Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Berrio

2022ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Duela bi aste zinema sarien galak ikustea gogoko dudala aipatu nuen. Hori jakinda, badakizue zer ikusi nuen larunbat gauean. Telebistaren aurrean jarri nintzen Goya sarien 36. edizioa ikusteko. Aurten ez negoen bakarrik; lagun batzuk etxera etorri ziren gala ikusteko. Futbol partida bat ikusteko prest geundela zirudien, gure porra egin genuen, pizzak eskatu genituen, eta garagardoa eta patata poltsak ireki genituen gala hasi baino lehen. Tapiz gorriaren ostean, musikaz beteriko gala ikusi genuen, eta El buen patrón izan zen gaueko pelikula irabazlea. Maixabel filmeko aktoreen lana saritu zuen akademiak ere, eta euskara entzun genuen Urko Olazabalen ahotik. Galan zehar aurkezle eza nabaria izan zen, eta erritmoa eman ahal izateko aurkezlea beharrezkoa dela argi geratu zen.

Blanca Portilloren esker hitzek une oso hunkigarria ekarri zuten galara, baina musikarien artean Joaquin Sabinaren itzulerak emozioz bete gintuen. Urteak zeramatzan publikoaren aurrean abestu gabe, bere azkeneko ezbeharraren ondorioz. Eszenatokiaren gainean jartzeko Leivaren laguntza izan zuen, eta Leivaren gitarraren doinuekin Tan joven y tan viejo abestu zuen.

Musikari tarte hori egitea beti eskertzekoa da, baina niretzat une garrantzitsuena beste musikari bati omenaldi txiki bat egin zitzaion unea izan zen. Jonas Truebak dokumental onenaren saria jaso zuen Quién lo impide filmarengatik. Lan hori Rafael Berrioren izenburu bereko abesti baten ondorioz sortu zuten, eta Candela Reciok hari eskaini nahi izan zion saria. Film horrek dokumentala, fikzioa eta erregistroa uztartzen ditu, eta gazteen ardurak eta hausnarketak jasotzen ditu. Niretzat 2021. urteko espainiar film onena izan da, eta, dokumental bat baino gehiago dela pentsatzen dudanez, film onenaren kategorian egon behar zuela uste dut ere.

Rafael Berrio 2020ko martxoaren 31n hil zen. Denok etxean geunden bera hil zenean, eta nire urtebetetzearen biharamuna izan zen. Egun horretan negar egin nuen, eta bere heriotzaren ostean omenaldi asko egin zaizkio. Quién lo impide filmaren sari hau Berriorentzako saria ere bada. Truebak La Reconquista-n aktore lan bat eman zion, eta azken lan honetan, gazteekin bat, beste protagonista garrantzitsu bat dela argi geratu zen larunbateko galan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.