EKOGRAFIAK

Galdutako barreak

Lander Arretxea.
2022ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Aitortu beharko dugu behingoz: etengabe bizi gara Espainiako umoristei begira—Twitterren erakutsi nahi genukeena baino gehiago—. Ezagutzen ditugu gutxienez bi dozena, eta izan gara —ni neu oraindik ez, baina ez gogo faltagatik—han-hemen egiten dituzten emanaldietan. Algaratsu, barrez. Hainbeste daude, non erraza den norberak bere kutunen zerrenda propioa osatzea, ondokoarenarekin izen bat bera errepikatu gabe. Telebistan daude, irratian, podcastetan, Instagramen, antzokietan, Tiktoken, zinemetan. Oldeka, gero eta gehiago eta anitzago. Hori da behintzat, nire irudipena.

Azkena ikusi dudan saioak berretsi du nire ustea. LOL: Si te ries pierdes du izena (Amazon Prime Video plataforma). Reality show-aren eta umorezko saioaren erdibideko zerbait da: gela handi batean itxi dituzte hamar umorista, bi misio dituztela: barrerik ez egitea eta gainontzekoak zirikatzea, haiek bai, barre egin dezaten. Bi aldiz barre eginez harrapatuz gero, kalera doa umorista.

Ez nuen lehen denboraldia ikusi, eta, hortaz, lehenengo atala balitz bezala ikusi dut bigarren denboraldiaren estreinakoa dena. Ibilbide eta ezaugarri desberdinetako umoristak daude bertan. Telebistan eskarmentua dutenak batzuk: Luis Piedrahita magoa, Patricia Conde, Yolanda Ramos, JJ Vaquero... Baina baita Interneteko euskarrietan nabarmendu direnak ere: Henar Alvarez eta Juan Amodeo, kasurako.

Atalez atal, elkarri barre eginarazteko jolas eta trikimailuak erakusten ditu saioak, tarteka, behin show-a amaituta hartu dituzten lehen pertsonako aitorpenekin uztartuta. Ez dira, dena esan behar bada, inoizko jolas burutsuenak, ez dute inprobisaziorako dohain imitaezinik erakusten, baina saioak balio du fenomenoa baieztatzeko: norbait barrez ikustea bezain barregarria da norbait barreari eutsi nahian—eta ezinean— ikustea.

Niri, ordea, hainbeste umorista —haien show propioak dituztenak denak— gela berean sartuta ikusteak nolabaiteko inbidia nostalgikoa eragin dit. Urruti daude Wazemank eta abarrak, Barre librea-ren bidea agortu zen aspaldi, eta Euskarazko Telebistan ez dago apenas umoreari tokia seriotasunez ematen dion formaturik. Barre egiten duenak galtzen du Amazon Primeko saioan. Eta zer galtzen du ez duenak barre egiten?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.