Iraganak dakarrena suak daroa

Piezen %90 baino gehiago galdu ziren irailaren 2an Brasilgo Rio de Jaineiroko museo nazionalean piztu zen sutean; eraikina ere kiskali egin zen. Halako kasuei aurre egiteko eta gordetako ondarea ez galtzeko, ugariak dira Euskal Herriko museoek hartzen dituzten segurtasun neurriak.

Segurtasuneko elementuen kaxa, Guggenheimen. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2018ko urriaren 31
00:00
Entzun
Ateak itxi bezain laster piztu ziren lehen sugarrak Rio de Janeiroko (Brasil) museo nazionalean, irailaren 2an. 200 urte zituen eraikinak, eta hogei miloi pieza baino gehiagoko bilduma gordetzen zuten bertan. Galdu zen ondare historikoa; galdu zen iragana. Brasilgo komunikabideek azaldu zutenez, museoak ez zituen betetzen segurtasun neurriak, jaso beharreko diru laguntzak jasotzen ez zituelako. Nonahi gerta daitekeen kasua da, baita Euskal Herrian ere. Badira hamarnaka museo: altxor txiki-handien gordeleku, eta euskal ondarearen erreinu.

Donostiako San Telmo museoa Euskal Herriko museo zaharrenetariko bat da. 1902an inauguratu zuten, Andia eta Garibai kaleen elkargunean, Museo Historiko, Artistiko eta Arkeologikoa izenpean. Hala ere, 1932. urtean, domingotarren komentura lekualdatu ziren, gaur egun San Telmo museoa dagoen tokira. San Telmo museoko Kontserbazio eta Zaharberritze arduraduna da Ana Santo Domingo, eta eraikina zaharberrituta dagoela azaldu du: «Eraikinaren zaharberritzean, eraikuntzaren kode teknikoari jarraitu genion; eta, beraz, pertsonen autobabesaz gain, eraikineko instalazio guztiak eguneratu genituen». Eraikin guztiek jarraitu beharreko kodea da, hainbat neurri biltzen dituena.

Badira museo gazteagoak ere. «Guggenheim museoaren eraikina berria da; beraz, erabili zen materiala ez da egurra, metala baizik», esan du Fernando Egia Guggenheim museoko Segurtasun zuzendariak.

Gasteizko Artium museoa ere berria da; 2002an amaitu zuten eraikina, eta urte berean inauguratu zuten. Jose Ramon Angulo Artium museoko Azpiegitura eta Zerbitzuen arduradunak azaldu du eraikina «egonkortua» dela, eta nabarmendu du sute bat egonez gero zailagoa dela sua eraikinaren gainontzeko tokietara zabaltzea.

Baionako Euskal Museoko Rafael Zulaika zuzendariak ere esan du sua gune batetik bestera igaro ez dadin konpartimentuak jarri zituztela zaharberritzearen ostean: «Museoak, berriro zabaldu zelarik, segurtasun neurri guztiak jarri zituen eraikinean: suteen aurkako detekzio sistema, jendearen ebakuazio sistema eta su itzalgailuak». Museoa 1924an ireki zen arren, urte batzuk igaro ostean itxi egin zuten zaharberritu ahal izateko; azkenean, 2001ean inauguratu zuten berriro.

Egiak azaldu duenez, «segurtasun planak identifikatutako arriskuetara egokitu behar dira»; arriskuak identifikatu eta segurtasun neurriak ezarri zituzten Guggenheimen. Detekzio sistema bat dago, museoaren leku guztietara iristen dena; sua hautemanez gero automatikoki ura botatzen duten ihinztagailuak ere badaude. Arrisku berezia dagoen tokietan, berriz, gas bidezko itzaltze sistemak ezartzen direla esan du Segurtasun zuzendariak.

Angulok adierazi du Artiumen ere sistema bera dagoela: «Gas bidezko iraungitze automatikoa dago; ez dute urik botatzen; beraz, bildumetako artelanak ez dira hondatzen». Seinaleak ere badaudela gehitu du.

San Telmon, suteen aurkako prebentzioa ez ezik, euriteetarako segurtasun neurriak ere badituzte. «Museoa mendi alboan egonik, ura jasotzeko drainatze sistema bat daukagu», azaldu du Santo Domingok. Ura jasotzen duen sareta sistema bat ere badaukatela gaineratu du, eta, eurite handietan, ateetako zirrikituak ixteko egurrezko xaflak jartzen dituztela.

Eraikuntzaren kode teknikoak ezartzen dituen neurriok ezartzea, oro har, museoei dagokie. Guggenheimen barnean segurtasun zuzendaria dago, eta, kodeak esaten duenaren arabera, eguneratuta egon behar da; ikuskatzeak eta kontrolak egitea Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailaren ardura da. San Telmo museoaren kasuan ere, Santo Domingok esan du kode teknikoan ageri diren puntuak betetzea museoari dagokiola. Baionako Euskal Museoan, berriz, Frantziako administrazio publikoa arduratzen da segurtasun neurriak betetzen direla egiaztatzeaz; Zulaikak esan duenez, «ikuskatze orokor bat egiten da bost urtean behin; suhiltzaileen parte hartzearekin, besteak beste».

Suteen ondorioz, eraikinaren barnean dauden artelanak zein bestelako ondarea galtzeko arriskua dago; hori dela eta, prebentzio planak beharrezkoak izaten dira. «Bisitaria da babestu beharreko lehenengoa, eta artelanak dira babestu beharreko bigarren elementua», esan du Egiak. Guggenheim museoan autobabeserako plan bat dago: erakusketa bakoitzean, kontserbazio lantaldearekin batera, plan berezi bat egiten da artelan bat edo beste salbatzeko. Artiumen ere, plan berberari jarraiki, lehenengo salbatu beharko liratekeen artelanak zeintzuk diren zehazten da; Arabako Foru Aldundiko suhiltzaileekin elkarlanean, lanketa bat abiatu zuten orain urtebete, eta oraindik martxan dago.

San Telmon ere suhiltzaileekin egiten dute lan. «San Telmo museoan bi mailatan banatzen dira erakusketak; balorazioa egiten da identifikatu diren arriskuen arabera». Arriskuak, berriz, hiru mailatan banatzen dira: kode gorritik horira, arrisku handienetik txikienera. Kode gorriko artelanak dira lehenengo salbatu beharrekoak. «Kalteak oso handiak badira, suhiltzaileei deitu beharko genieke; osterantzean, kasua ez bada hain larria, salako arduradunak emango du lehen pausoa», esan du Santo Domingok.

Baionako Euskal Museoan ere sailkapenak egiten dituztela esan du Zulaikak: «Sailkapen bat dugu museotik zer atera behar den lehenik adierazteko eta museo barnean non dauden seguruen zehazteko». Lehenengo neurrien artean, lehenik jendea atera behar da, eta horren ostean sua itzali. Gainera, Dagourette etxea —Baionako Euskal Museoaren eraikina, XVII. mendekoa— monumentu historiko gisa sailkatuta dago.

Guggenheimek, San Telmok eta Artiumek artelanak garraiatzeko bildumen larrialdietarako orga bereziak dituzte: beharrezkoak diren elementu guztiak eramateko ez ezik, artelana babestu eta tokiz aldatzeko karroak dira. Su itzalgailuak ere denek dituzte; San Telmok, ordea, hauts polibalenteko itzalgailuak ditu. Halere, Santo Domingok azaldu duenez, hauts polibalenteko su itzalgailuek artelanak hondatzen dituzte; beraz, lehendabizi, sua karbonozko itzalgailuekin itzaltzen saiatu behar da.

Museoetatik harago

Artxiboetan ere ondareari erreferentzia egiten dioten hainbat dokumentu gordetzen dira. Horren adibide da Lazkaoko Beneditarren Fundazioa (Gipuzkoa). Juan Jose Agirre beneditarrak urteetan egindako lana jasotzen du fundazioak. Miren Barandiaran fundazioko kideak esan du Euskal Herriko historia soziopolitikoko azken 60-70 urteak ezagutzeko dokumentazioa dagoela bertan; besteak beste, liburuak, aldizkariak, kartelak eta itsasgarriak.

«Gure dokumentazioa depositu batean dago, eta depositua espresuki egin zen dokumentuak gordetzeko», esan du Barandiaranek. Materiala kartoizko kaxa itxietan dago gordeta, eta apalak metalikoak dira. Gaineratu du eraikina berria denez —2010. urtean eraiki zuten— segurtasun neurriak ere eguneratuta daudela. Larrialdi planak ere martxan daude. Fundazioa patronatuaren ardurapean dago: beneditarren, udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkariak daude. Fundazioko kideak esan du instalazioa mantentzeko ardura langileena bada ere azken ardura patronatuak duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.