gorka julio
IRLEN SAREA

Bihotzeko bozka

2019ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Ez da kasualitatea Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan lau alderdik bihotzaren sinboloa erabili izana. Unidas Podemos, PP, PSOE eta Ciudadanos alderdiek erabili izan dute kanpainan eta lauek sinbolo bera erabiltzea hauteskunde kanpainaren testuinguruan, badu komunikazioari lotutako irakurketa bat.

Horren bidez, beren kanpainaren gogortasuna lausotzeko baliagarria izatea arrazoi bat izan daiteke, baina kontraesankorra dirudi. Bestetik, gertutasuna eta hurbiltasuna adierazteko ere baliagarria litzatekeelako erabili duenik ere egongo da. Beste aukera bat: marketin politikoaren originaltasun falta eta arriskatzeko beldurra ere adieraz dezake gehiegizko erabilera horrek. Baina arrazoi ezberdinak egonik ere, sinbolo horren erabilerak sare sozialek sortutako kulturarekin zerikusi handiaduela ematen du.

Instagramen edota Twitterren zerbait gustuko dugula esateko erabiltzen den bihotzera garamatza zuzenean sinboloak. Horren bidez, bakoitzak bestearen zein mezu gustuko duen adierazi ohi dugu.Beste askotan, mezua bera irakurria edo ikusia, hau da, ezagutzen dela soilik adierazteko ere erabili ohi da. Analogia hori tontakeria dirudien arren, alderdi batzuen logikatik,badirudi hori dela bilatu nahi duten herritarrarekiko konpromiso maila. Bozkatzearen eta atxikimendu xalo horren arteko lotura egitea bilatzen ez ote duten, alegia.

Ezberdina litzateke, birtxiorako edo hedapenerako erabiltzen den sinboloa edo komentarioak egiteko erabiltzen den komiki globoa erabili izana. Lehenaren erabilerak, atxikimendua baino parte hartze handiagoa adieraziko luke: mezua zure sarean zehar hedatu nahi izatea. Bigarrenak, parte hartzea oraindik handiagorako aukera bat eskaini nahi dela adieraziko luke. Eztabaidara sartu nahi izatea, elkarrekintza bilatzea; azken hori onerako edo txarrerako izan daiteke.

Edozein dela sinbolo hori erabili izanaren arrazoia, politika mota horrek eskaintzen duen elkarrekintza mailarekin erabat bateragarria da esandakoa. Alderdi gehienek beren mezuetara atxikitzeko aukera bakarrik eskaintzen dute, ekarpenak eta elkarrekintza maila altuagoak bilatu gabe. Komunitate eraginkor eta sendoago bat osatzeari uko egiten diote,erresonantzia kutxa bat izateko ez bada. Bihotzik gabeko kanpainak dira, bihotza erabiltzen badute ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.