Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Kaltea eginda dago

EHUko ikerlari talde batek piztu du alarma: 'Gelidium corneum' alga desagertzen ari da euskal itsaspetik. Espezie horren galerak itsas hondoko bioaniztasunaren geroa jar dezake kolokan. Arazoa latza da: gainbehera jada ezin da saihestu, mantsotu baino ez.
Euskal kostaldeko zati bat, orain urte batzuk, alga gorriak zeuden garaian.
Euskal kostaldeko zati bat, orain urte batzuk, alga gorriak zeuden garaian. EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA

Saioa Alkaiza Guallar -

2015eko martxoak 12

Itsaspean dauden alga gorrixkak dira Gelidium corneum-ak, gogorrak, ugariak, askotan itsas hondoko zelai zabalak betetzen dituztenak. «Kantauriko beheko mailako espezie garrantzitsuena da; lehorrean bageunde, haritzaren baliokidea litzateke. Itsasoko gakoetako bat da. Izan ere, aterpe ematen die pila bat bizidunei». Zoritxarrez, arriskuan dago. «Lehen algen belardi zabalak zeuden tokietan, orain basamortu itxura duten eremuak daude». EHUko Itsas Bentos Ikerketa taldeko kide Jose Maria Gorostiaga mintzo da. Hala erakutsi du egin berri duten azterketak: flora mota hori desagertze bidean da, horrek dakarren guztiarekin. Herri batzuetan, erdira jaitsi da kopurua; beste batzuetan, are okerragoa da: adibidez, Cobaronen (Bizkaia) hondoaren %80 estaltzetik %5 tapatzera pasatu da.

Askok uste baino larriagoa da; itsas hondoko biziaren oreka da kolokan dagoena. «Alga gorri honek CO2a hartu, eta oxigenoa sortzen du, eta hori jada ezingo du egin. Gainera, desagertuz gero, hari lotuta bizirik irauten duten espezie guztiak arriskuan leudeke». Eta ez hori bakarrik. Ekosistema «pobretu» egingo litzateke: «Itsasoak elikagai garrantzitsuak galduko lituzke». Ez da, ordea, soilik itsaspeko errealitatea kaltetua izango litzatekeena. «Kulturari dagokionez, itsasoari lotutako bizitza tradizionala ahanztea esan nahi du; paisaiaren ikuspegitik, hondoak edertasuna galduko luke; eta bukatzeko, ekonomikoki ere emango luke zer esana: komertzializatzen diren hainbat arrain eta ornogabe bertan daudelako».

Baina nola da posible horrelako galera? Makina bat arrazoi dago, bai eta denak barne biltzen dituen egiturazko arazo bat ere: klima aldaketa. Lehenik eta behin, uraren tenperatura igo da —esaterako, orain dela hiru hamarkadako abuztuan, uraren tenperatura 22 gradukoa zen; azken urteetan aldiz, 23 gradukoa da—. Bigarrenik, eguzki erradiazioa areagotu da. Hirugarrenik, espezieak behar dituen mantenugaiak gero eta urriagoak dira. Eta bukatzeko, ekaitz bortitzen eragina nabarmena da; lurzorutik erauzi izan dituzte algak. Ez dago faktore bakarra, beraz, askoren arteko elkar eraginaren emaitza da egoera. Zorionez, alga bilatzaileen jardunak ez du eraginik izan haiengan.

Algek estresa daukate

«Estresa» daukate algek. Hori ziurtatu dute adituek. Horregatik, kolore gorria higatu, eta zuri eta hori tonuak hartzen hasi dira bizirik dirauten horiek. Ez da hori duten problema bakarra. Babesleku, erruntoki eta bizileku gisa erabili izan dituzte hainbat animaliak; orain, ohiko ziren izakiez gain, beste batzuk sartu zaizkie. 1991n, euskal kostaldean, 90 bat espezie zeudela zioten ikertzaileek; egun, 116 zenbatu dituzte.

Datuak korapilatsuak dira. Gehiago daude, bai, horrek ez du esan nahi, dena dela, bioaniztasuna aberatsagoa denik. Oreka da kontua. «Espezie bat desagertzen denean, leherketa efektu bat sor daiteke, eta, horren harira, beste espezie batzuk sartzen dira, baina berriak oso ahulak dira, oso sinpleak. Prozesu hau haritza, zedroa edo hurritza sastrakarengatik aldatzearen antzekoa da». Morfologia eta iraupenaren aldetik, beraz, murritzagoak dira jaiotako bizidun berriak.

Egoerari so, ezkorra da Gorostiaga, ez du atzera bueltarik ikusten, eta, horregatik, prozesua mantsotzean baino ez du sinesten. Aho bizarrik gabe ziurtatu du: «Geldiezina da klima aldaketaren inertzia».

Dioenez, 2050. urterako tenperaturak 2 eta 2,5 gradu egingo du gora, eta hori kasurik onenean, alegia, neurriak hartuta; egoera txarrenean, aldiz, hau da, deus egin ezean, 4,5 gradu igoko litzateke. «Horrek guztiak ozeanoei eragingo die, ezinbestean. Eta kalterako». Adabakia: «babes politikak garatzea». Horrez gain, ikerketarekin segitzeak ere lagunduko luke. Konponbiderik ez dago jada.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Iruindarrak <em>Agur, jaunak</em> kantatzen, San Saturnino egunean, atzo, Iruñean. ©OLAIA L. GARAIALDE

Kanta-kantari iruindarrak

Olaia L. Garaialde

Kantuan eta dantzan, iruindarrek San Saturnino eguna ospatu dute arkupeetan babestuta. Euria dela eta, bertan behera utzi behar izan dituzte Iruñeko Udalak antolatutako gauza gehienak: besteak beste, erraldoiak.
1 ©JAIZKI FONTANEDA / @FOKU

Jaien itzulera, kolokan

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Herrietako festak itzuliko zirela zirudien, baina koronabirus kasuak ugaritu egin dira, eta bertan behera utzi dituzte hainbat. Herri batzuetan, ordea, lehenago edo geroago izan, jaiak ospatzeko aukera izan dute, betiere osasun neurriak gogoan izanda. Gehienek garaian garaiko egoerara egokitu dute egitaraua.
The Beatles taldeak Londresen eman zuen azken kontzertua, 1969an, Apple Corpsen eraikineko teilatuan. ©APPLE CORPS
 ©IÑIGO URIZ / FOKU

«Elkarte askotan konpromisorako urratsa egitea kostatzen da»

Iker Tubia

Pedagogia aktiboaren bueltan aritu da Bobes; batez ere, hezkuntza araututik kanpo. Emakumeen ahalduntzerako herri kultur-zentroetan aritu da jo eta su, eta hamaika elkartetan. Emakumeez, feminismoaz, ibilitakoaz eta erronkez mintzatu da.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.