Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Iragarkiak eta beste (II)

2019ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Pako Aristi idazleari garrantzitsua iruditzen zaio «diskurtsoaren monopolioa arrakalatzea». Horrela azaldu zuen atzo, haren azken eleberriaren harira (Rosa itzuli da), BERRIAn. Dioenez, liburuek gizartean egiten duten bidea gero eta laburragoa da. Ondorioz, idazleei lan horrek emandako emozioak arinago dira buka. «Fikzio errealista» erabili du euskal presoen gaineko kontakizuna osatzeko; izan ere, «kontakizun ofizialetik pixka bat ateratzen bazara, beti dago epaitegien arriskua». Ezaguna da Aristiren abilezia gai deserosoez aritzeko. Egunkari honetako irakurleok, behintzat, horren froga izaten dugu maiz haren iritzi zutabeetan. Eleberria idazteko arrazoi nagusietako bat, berriz, protagonistaren gaineko «baztertze bat» izan da. Euskal borroka armatuan parte hartutako preso batzuen «estigmatizazioa», alegia. Hori da preso «askok» Aristiri adierazi diotena, hain zuzen ere. Eta erabaki zuen, literatura erabilita, komunikabide «ia guztietan baztertu» den iritzi bati ahotsa ematea. «Samurragoa» baita bide hori.

Euskal Herrira egingo dudan hurrengo bidaian, Aristiren eleberria irakurtzeko parada hartuko dut, baina, bitartean, «deseraiki» egin den mugimendu soziopolitikoaren eta hedabideen arteko loturaz gogoeta egin nahi dut. Asteazkeneko zutabean aipatu nuen bezala, Txapeldunen Ligako gizonezkoen futbol lehia jarraitzen ari naiz Interneten. Erresuma Batuko iragarki ugari ikusi ditut, eta ohartu naiz kirol apustuen enpresenak direla gehienak. Iruditzen zait, telebista kate publikoan zein pribatuan, halako iragarkiak debekatuta egon beharko liratekeela. Neurri handi batean, adin txikiko eta gizarteko behe klaseko ikusleak daudelako pantaila txikiaren aurrean, eta kirol apustuekiko adikzio maila nabarmenki altua da.

Pertsona horien egoera, gainera, Aristik aipatzen duen «kartzela»-rekin aldera daiteke. Hau da, «ezin duzu errealitatea atxiki, eta fidatu behar duzu kontatzen dizutenaz». Beraz, «prekaritatea» elikatzeko indarkeria tresna lirateke iragarkiak. Areago, ahulak babesteko neurriak hartu ezean, estatuen «indarkeria estrukturaleko» mekanismoak ere izango dira. Ondo dio Aristik hemen: «Prekaritateak berak dakar konformismoa eta desideologizazioa». Agian, hortik ere «deseraiki» egin da (gure) mugimendu soziopolitikoen zati handi bat?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.