Jagoba Salvador.
AIRETIK

Apustu zuzena

2021eko urriaren 3a
00:00
Entzun
Musikaren harra barrura sartu zitzaidan duela hamabost urte baino gehiago, eta ordutik bertan bizi da. Nerabezaroan sortzen diren eta gehienetan azaldu ezin diren konexio indartsu horiek gugan arrastoa uzten dute betiko. Nire kasuan, musikarekin izan nuen crush horretan zuzeneko emanaldietan sortzen den energiak eta esperientzia kolektiboak zerikusi handia izan zuela esango nuke. Erritual horretan gertatu ohi dira magia eta transmisio sakonenak.

Zerbaitek halako pasioa pizten dizunean ez da nahikoa asteburuetan, zortea edukiz gero, kontzertu batera joatea. Halaxe aurkitu nituen zuzeneko grabatuak. Esperientzia guztiz ezberdina da, eta ez hain indartsua, baina nahieran geure burua nolabait transportatzeko balio duena. Youtuberik gabeko garaietan, gure musikari gogokoenen bideo-edukiak lortzea urrea zen. Interneten eztandarekin, Emule edo Kazaa bezalako deskarga programetan aurkitzen genituen, pazientzia pixka batekin, gure kontzertu gosea asetzeko artxiboak. Gogoan dut kalitate eskaseko bideoak deskargatzen bi edo hiru egun eman behar izana.

Gaur egun eskuragarri dugun musikaren inguruko ikus-entzunezko materiala erotzekoa da, zentzu onenean: zuzenekoak, bideoklipak, dokumentalak, elkarrizketak, sesioak... Hain zuzen ere, azken horietaz gozatzeko aukera izan nuenetik, nire formatu gogokoenetako bat izan da. Kontzeptua, funtsean, zuzeneko emanaldi bat estudio batean grabatzea da. Arlo honetan, erreferente garrantzitsuena Seattle-eko KEXP irrati katea izan zen, nire inguruan behintzat. Gustu handiarekin eginiko saioak ziren, ikuspegi guztietatik: soinu eta bideo kalitatea, taldeen aukeraketa, elkarrizketa tartekatu interesgarria... Azkenaldian hainbat lekutan irakurri dudan eta etengabe zabaltzen ari den vodcast (bideopodcast) kontzeptuaren sorrera, ikuspegi musikaletik.

Zergatik ez du inork gurean halakorik egiten? Aspalditik egin izan diot galdera hori neure buruari, baina zorionez azkenean norbaitek egin du ildo horretan apustu bat, behintzat. Euskal eszenaren kalitatea eta aniztasuna ederki islatzen du Behekaldea tarteak. Gazteako B Aldeak jarri zuen martxan joan den denboraldian, Egongela zena moldatuz, eta emaitza ikusgarria bezain beharrezkoa izan da. Atal berriak agertzearen esperoan, apustua igotzea besterik ez dut espero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.