Literatura. 'Itzulera'

Itzulera beti da zaila inoiz joan ez denarentzat

Egilea: Bruno Duhamel. Argitaletxea: Harriet.

2018ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Harriet argitaletxeak omenaldi kutsua duen komiki bat argitaratu zuen joan den urtearen azken txanpan. Badira nahi gabe ere ingurukoen kontzientziak kitzikatzeko gaitasuna duten lagunak; badira, halaber, eliteak dantzarazten dituzten pertsonak ere; biak elkartuko dituenik bilatzea zailagoa da, ordea, baina, Bruno Duhamelek Harrieten eskutik dakarkigun komikian, batzuk nahiz besteak asaldatzea lortu zuen artista aurkituko dugu.

Komikiaren hitzaurrean, egileak berak aipatzen du lana Cesar Manrique artistaren omen gisa uler daitekeela; izan ere, kanariarraren irudian inspiratutako Cristobal izango dugu hemen protagonista. Duhamelek Lanzaroteko irla izan daitekeen lurraldean kokatu du kontakizuna eta, era berean, Manriquek Kanarietako irla arte-leku bihurtzeko asmoz egindako lana balioztatzea izango du xede.

Atzerrian, artista lanean sona lortu ondoren, etxera itzuliko da Cristobal, umetako lurraldeari merezi duen aitorpena eskaintzeko. Itzuleran, txikitako irla aldatua ikusiko du, kapitalismo krudelak eta atzerriko inbertsioek sarraskitzeko bidean. Aurkikuntzaren garrazkeria eraman ezinda, irlaren helburu turistikoari beste bide bat zabaltzen saiatuko da; irla arte-leku erraldoi bihurtuz eta turismo kitsch-a erakarriz.

Irakurlea berehala ohartuko da protagonista egozentriko eta hantusteko batek gidatutako eraldaketa batean murgilduko direla Cristobalen inguruko lagunak eta irlako gainerako bizilagunak. Horrela, istorio nagusiaren atze-oihal gisa, Duhamelek artistaren eta artelanaren arteko harremana arakatuko du. Cristobalen barne borrokari kontrajarririk ageri dira administrazioaren barne gatazkak ere, etengabe hazteko helburua duen baina herritarren beharrak asetzeko betebeharra duen administrazioak irudikatuta.

Duhamelek hitzaurre gisakoan aipatzen du Manriqueren artista lana errespetatzeko beharra zuela, eta, aldi berean, beldur zela behar horrek pertsonaia gaizki tratatzeko zailtasunik eragingo ote zion. Bada, esan behar da agian artelanen erabilera horretan lortu duela kontaketarako tresnarik interesgarriena; protagonista prototipikoengan oinarritutako kontaketa erraz irristatzen da amaierarantz, eta irudietan txertatutako artelanak ezin hobeto konbinatzen dira narrazioaren bakantasunarekin.

Gainera, elkarrizketak laburrak dira eta ongi jarraitzen dira; idazleak asmatu egiten du hausnarketak, oroitzapenak eta elkarrizketak banatzeko teknikarekin, eta aparteko nahasmendurik gabe jarrai daiteke irakurketa. Hainbeste, ezen zenbait unetan narratzailearen gogoetak azalean geratzen baitira, eta horrek kontaketa nahiko lineala bihur dezake, baina binetak banatzeko maisutasunak hautsi egiten du. Tentuz txertatuta daude irlaren edertasuna islatzen duten binetak eta artistaren lanak erakusten dituztenak. Collagea hain ederra izanik, kontaketak aura magikoa bereganatzen du unean-unean.

Xumetasunean distira lortzen duen pieza bat eskaini digu Harriet argitaletxeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.