EKOGRAFIAK

Nola da, Fermin?

Lander Arretxea -

2018ko abenduak 4
Kezkatu samar nago. Oraindik ez dut jaso heriotza mehatxurik, ez aurpegi txarrik, ez akusazio mingarriegirik. Ez didate diosalik ukatu. Unfollow bakarren bat eta indiferentzia, hori da, asko jota, nire aburuen zigorra. Gauza jakina da: iritzia ematen duzunean ez bada inor asaldatzen, deus esan ez duzulako da, edo bestela, esan duzuna inori axola ez zaiolako. Horregatik erabaki dut behingoz lokatzetan sartu eta txio-guda-tribiala pizten duten kultur gai arantzatsuetan azkena den horri heltzea. Korrikako abestiaz eta bideoklipaz ari naiz, bai.

Fermuki alde edo sutsuki kontra egotea beste aukerarik ez dagoenez, bat hautatu behar izan dut: ni, alde. Ez bainarik jarri gabe, ordea. Fermin Muguruza dut sobran, hark horren errurik ez badu ere. 2001ean, 38 urte zituela, Big Beñat gogoangarriarekin Korrikako abestiaren kontzeptua aberastu eta berrasmatu zuen, garaira egokituz. Baina ia hogei urte geroago, berea da oraindik zerbait desberdina edo apurtzailea egin nahi dugunean jotzen dakigun ate bakarra? Ausardia behar da; baina beste publiko batzuk erakarri eta zerbait desberdina egin nahi bada, zergatik ez eman autonomia eta ardura giro horretan ari den sortzaile bati? Zergatik ez Mad Muaselek eta La Furiak konposatu eta eraiki duten abestia eta bideoklipa aitabitxien premiarik gabe?

Antzeko sentsazioa eragin dit bideoklipean giro urbanoa eta tradizionala irudikatu eta biak nahasteko hartutako lanak. Estetikoki interesgarria da emaitza, baina abestia hiru zatitan bereizteko erabakia bezainbat, premisa oker batetik abiatzen dela uste dut: aniztasuna ez da derrigor collage, nahasketa eta abeslari askoren elkarketarekin gorpuzten. Abesti edo bideo bakoitzak ez du zein anitzak garen erakutsi beharrik. Nahikoa da orain arte tokia izan ez duen ikuspegi, identitate eta estilo bat ordezkatzen duen artista bati protagonismoa ematea. Eta hurrengoan, beste bati. Konplexurik gabe.

Funtsean, eta euskalgintzaren ohiko paradoxan sakonduz: giro urbanoetako gazteei gustatzeko modukoa baino, ez ote da giro urbanoetako gazteak erakarri behar direla uste dutenei gustatzeko modukoa? Eta hala ere —bigarren multzokoa naizelako akaso— gustatu zait abestia eta (bereziki hasieran) duen indarra. Durangon dantza desafioa egitean, aldekoen bandoan jarriko naiz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna