Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Zonbiak esportatzen

2020ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Gaztetxoentzako telesail berri bat ematen ari da ETB3 otsailaren 28tik, ostiralero. Lars zonbia izena du eta Norvegiako NRK kate publikotik dator. Euskarara bikoiztuta ematen ari da ETB haurrentzako fikzioa, eta, egia esan, dezente poztu nau oraindik, oso noizbehinka bada ere, halakoak egiten dituztela ikusteak. Behin baino gehiagotan hitz egin dugu tarte honetan haurrek euskarazko punta-puntako edukiez gozatu ahal izatearen garrantziaz. Eta, nahikoa ez bada ere, helburu horretan laguntzera dator Lars «hil biziduna» (zonbi hitzak konnotazio negatiboa du).

Punta-puntako edukiak aipatu ditut, eta ez da ahagatik izan. NRK katea, duela gutxi aipatu nizuen Heimebane telesaila, edo Europa osoan zehar bertsionatu duten Skam berritzailearen sortzailea da. Berezko bertsioan ZombieLars telesail horrek ere hainbat sari jaso ditu, eta Iparraldeko ikus-entzunezko merkatuan erreferente den kate horren produkturik ezagunenetako bat da.

Lars zonbia telesailak haurrentzako telesailetan lantzen diren balioak lantzen ditu, baina aniztasunari garrantzi berezia eskainiz. Lars erdi hil biziduna den haur bat da. Ama biziduna du, eta aita, aldiz, hil biziduna. Lars eta bere ama Bekkebakken herritxora joango dira bizitzera, eta herri horretan agertu den lehen hil biziduna izango da Lars. Haurraren egokitze prozesua kontatzen du telesailak. Hasieran, hil ezin den Lars teilatutik bota edo kamioi baten aurrean uztea dibertigarria dela pentsatuko dute ikaskideek. Pixkanaka, ordea, ezaugarri bereziak dituzten lagunak egiten joango da, hamaika abentura bizitzeko.

Aipatu bezala, poztu nauen estreinaldi bat izan da gaur ekarri dizuedan telesail hori. Hala ere, ia beti bezala, badut barnean halako sentsazio gazi-gozo bat. Bai, sorkuntza propioaz ari naiz. Hizkuntza txikia gara, eta garbi dago guk sortutakoarekin bakarrik ezin ditugula gure ikus-entzunezko beharrak ase. Hala ere, lehentasuna beharko luke gure eduki propioak sortzeak. Hori batetik, eta, bestetik, atentzioa ematen didala egunerokotasuna zonbi tematikatik lantzen duen zerbait, gurean, berritzaile moduan saltzea. Izan badenean gure herrialdearen ekosistema politikoa zonbi tematika berberaren bidez landu duen ekoizpenik. ETBk ez dio aukera bakar bat ere eskaini, bide batez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.