Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Albistegia albiste

2019ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Gero eta ohikoagoa da. Berrien edukiontzi bakarrik ez, albistegiak izan daitezke, baita ere, hizketagai eta albiste. Zientoka lerro idatzi dira Andaluzian (Espainia) zulo batean erorita hildako haurraren berri emateko modu morbozaleaz; bat baino gehiago asaldatu du Cuatro kateak albistegia gehiago ez egitea erabaki izanak; eta bolo-bolo zabaldu dira eskuin muturreko mugimenduei telebistan tokia egitearen arriskuez ohartarazi nahi gaituzten Twitter hariak.

Itsasotik haragokoa da azkena albiste bihurtu den albistegia. Erresuma Batuko Sky News kateak 30 urte bete berri ditu; eta ospatzeko-edo, nola lan egiten duten erakusten duen emankizun berezia egin dute. Egia esatera, ez dute asmatu aurrez egin gabea den ezer. Orain urtebete eskas, Kanaldudeko kideek proiektu berria aurkezteko erakutsi zituzten euren telebistaren tripak. Sky Newsen, ordea, etenik gabeko zuzeneko emankizuna egin dute hainbat orduz, katearen emisioa eta katearen barrenak, biak batera ikustea ahalbidetuz. Meta-albistegia omen.

Oihartzuna izan du ekimenak. Baita txarrerako ere, haterrek ez baitute kritikarako aukera galdu: proposamen bileretan oso ideia kaskarrak botatzen dituztela, asper-asper eginda diruditela langile guztiek... Gaixoak. Bestela ere bada nahikoa zama egunero-egunero —baita munduarekin haserre zaudenean ere— milaka lagunek epaituko duten zerbait sortu beharra. Nor legoke prest bere lanaldi osoa pantailaren mugaz bestaldeko biztanleen zelatapean jartzeko?

Baina ikuslearen sofa erosoan gaude gu, eta bertatik badu bere zera guk pantailan ikusten dugun hori osatzeko atzean dagoen lan, tirabira eta tresneria guztia ezagutzeak. Pentsatzen jarrita, eta formatu morbozaleak Euskal Herrira ekartzeko joerarekin jarraituz, ez litzake ideia txarregia bolada batez euskal albistegiak reality bihurtzea. Nork bere etxetik konprobatu dezala nola erabakitzen den ETBn zer den albiste eta zer ez; zergatik aldatzen den —eta batez ere, zergatik luzatzen den— edukia ETB1etik ETB2ra; edo nola lortzen duten Hamaika telebistan, modu ia miragarrian, albistegia osatzea nahi baino baliabide mugatuagoekin. Albistegiek kontatzen digutena, tira, gehien-gehienetan, aurrez irakurria dut han edo hemen. Baina atzean dagoen guztia? Hori bai, hori arretaz ikusiko nuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.