Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Itzalita

2019ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Entretenimendu berri bila hastea tokatzen da. Bukatu zen Game of Thrones —ez dugu gehiago aipatuko, zin dagit— eta orain bestelako aitzakiak behar dira etxekoak sofa bueltan elkartu eta pantailari begira jartzeko; irrikaz eta adi. Izango da hutsunea beste telesail batzuekin beteko duenik: Handmaid's tale, Chernobyl, Shameless, Our Planet, Sex Education, nik zer dakit. Edo itxarongo duenik —itxaroten jarraituko duenik— iragarritako euskarazko telesail berriagoak behingoz zabaldu arte. Baina bien bitartean, eta fikzio gaindosiak jota honezkero, zer hoberik hauteskunde gaua baino?

Igande honetakoak ezaugarri bereziak zituen, gainera. Gutxitan elkartzen dira horrenbeste hauteskunde —Europako Parlamentuarenak, udalenak, aldundietakoak, Nafarroako Parlamentukoak—, eta itxura batean, lehia estua espero zen hainbat erakunde esanguratsutarako bozetan. Amu ezin hobea afalostean telebistari begira jartzeko: nor bere optimismo neurtua edo frustrazio apokaliptikoarekin; krispeta poltsa eskuan. Emaitzetan interes —edo itxaropen— handirik ez duenak ere aise aurki dezake entretenimendua: liluragarria da katez kate saltoka arituta kazetari eta politologoek malabareak nola egiten dituzten ikustea. Zer nabarmendu datu tsunamiaren aurrean? Zer esan hiru dimentsioko grafikoak okerrak direnean? Nola ausartu balorazio potoloak egitera kontaketa %7 denean oraindik?

Baina zirrara hori guztia igandean zen, behin betiko emaitzak jakin aurretik. Hurrengo egunean beste muturrera egiten da salto. Hauteskunde gaua katez kate jarraitu duenarentzat ez dago astelehenez telebistari begiratzea baino ezer aspergarriagorik. Aurrez ere jakindako datuak errenkadan, nola edo hala gatzozpinduak jada txioetan irakurritako analisiekin. Aurreko gauaren abantaila guztiak ere kontra datoz astelehenez. Horrenbeste hauteskunde emaitzaren artean, alderdi guztiek aurkitzen dute emaitza ontzat —balekotzat, gutxien-gutxienez— emateko moduko datu edo zifraren bat. Balorazio neurtu eta artifizialak egiten dituzte, sinesgarritasun gutxikoak; koalizio aukerez askorik esan gabe oraindik. Horregatik guztiagatik erabaki dut gaur —astelehena— telebista piztu ere ez egitea. Ai, fikzioarekin—benetakoarekin— desengainatzen ginenean, atseginagoa zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.