Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Nerabetasuna

2019ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Hauteskundeen biharamunak irauten duen honetan (luzea izango da, lau urte zehazki), oso zaila egiten zait gaur beste gai batez aritzea. Are gehiago, gaurko prestatua nuena aspaldiko hutsalena zela kontuan izanda (lasai, hutsal zaleok, ostegunean). Hala ere, ez da tarte hau inori axola ez zaizkion nire balorazio politikoak egiteko tokia; beraz, lasai, ez naiz tokatzen ez zaidan lanean hasiko.

Gauzak horrela, gaurkoari nondik heldu pentsatzen ari nintzela, Urtzi Urkizuren txio batekin topo egin nuen: «Bestalde, ETB1en analisi mahai bat eta bi aurkezle. ETB2n bi mahai (bat adituena eta bestea alderdiena) eta hiru aurkezle. Ohi bezala, beti baliabide gehiago espainolez». «Ohi bezala» nabarmendu du txio amaieran, eta, tamalez, hala da. Ohituak gaude bi kateen arteko baliabide desorekara. Adibide adierazgarria dira aisialdi saioak, eta horretaz aritu naiz pare bat aldiz jada. Hala ere, baliabide ezberdintasuna ez da aisialdira mugatzen, eta informazioa ere desoreka horren biktima dugu. Horretaz konturatzeko, euskarazko eta gaztelaniazko albistegiak bi egunez ikustea nahikoa da.

Joera hori atzoko hauteskunde balorazioan errepikatu zen, eta, egia esan, ETBren buruan zer dagoen konturatzeko balio du. Ez da ezer berria ETBk bere programazioa Espainian egiten denari begira antolatzen duela. Bai ekoizpen aldetik, bai tonu aldetik, eta, nola ez, baita erreferentzia aldetik ere. Gogoan dut nola nerabezaroko garai batean gaztelaniaz egiten genuen guayago egiten gintuela uste genuelako. Tira, bada, edo ETB ez da oraindik nerabetasunetik atera, edo ez du ondo ulertu bere funtzioa zein den. Berriz ere, ondorio berera iristen gara: euskara betebehar bat da ETBrentzat, oztopo bat. Distantzia hartu eta aurrean duguna aztertuta, sentsazioa dut euskara bete beharreko kuota bat besterik ez dela eta ez epe motz zein luzeko estrategien ardatz izan beharko lukeen hizkuntza. Eta kritika ez doa langileei zuzendua, haiek izugarrizko lana egiten baitute dituzten baliabideetarako. Horregatik, ez dut ulertzen hainbat langileren korporatibismoa sare sozialetan —are gehiago, ETBrentzat lan egiten duten ekoiztetxeetako langileak direnean—. Kritika horiek ez dute zuen lana jomuga. Kontrakoa, zuen lanari balio gehiago emango zaion errealitate berri bat bilatzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.