Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Ez daukagunaren mina

2020ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Orain arteko saioak ikusita —Xabier Amuriza, Marino Lejarreta, Joan Mari Torrealdai, Euzkitze, Pilar Kaltzada eta Jon Maia protagonista izan dituztenak—, esan daiteke lan ederra izaten ari dela eta izango dela aurrerantzean ere Biba Zuek!.

Telebistako aurkezle lanetan lehen aldiz aritu arren, ondo moldatzen ari dira Xabier Sukia eta Maddalen Arzallus, ez alferrik baitira bertsolariak. Badakizue nola definitu zituen Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile batek bertsolariak, ezta? «Juglares sabelotodo» (juglare orojakileak). Barre egin genuen hori lehen aldiz entzutean, baina aitortu behar da denborak erakutsi duela guardia zibilen txapelak baino zuzenago bazebilela behintzat.

Hori esanda, bertsolariak ez haserretzeko, azalpen txiki bat eman beharra dago. Kontua ez da, lehen begiratuan hala iruditu arren, bertsolari izateak argia eta azkarra izateko eta ia dena ondo egiten jakiteko bermea ematen duela, baizik eta, azken urteetan, ia dena ondo egiteko gai diren gazte argi eta azkar asko —bertsolaritza ezagutu ez balute idazle, aktore, telebista aurkezle, irrati esatari, kantari... bokazioa izango zuketenak— bertsolaritzak erakarri eta harrapatu dituela bete-betean.

Hiru faktore nagusik eraginik izango dute hori seguru asko: a) aurreko belaunaldietako bertsolari eta bertsozaleen lan handi eta ondo bideratuak; b) bertsolarien komunitate zabala familia bat izateak, bere xextra eta gatazkekin, bere ardi beltzekin, baina familia batu eta sendoa; c) eta beharbada —hau ez da hain segurua, eztabaidagarriago irizten diot—, euskaldunok, euskaraz bederen, ahozkorako idatzirako baino joera handiagoa izateak.

Biba Zuek! bere xedea ganoraz betetzen ari da, baina —zer den apetatsua memoria!— beste era bateko elkarrizketen gabezia sentiarazi didate Sukia eta Arzallusek gidatutako elkarrizketa adeitsu eta atseginek —Gure kasa saiokoen hain antzekoek—, eta Fermin Etxegoienek duela bost urte egin zituenak gogorarazi dizkidate, Berandu baino lehen saiokoak, haietan bazegoelako, hauetan ez bezala, elkarrizketatuaren egia gatazkatsuagoetara iristeko ahalegin bat.

Oso gizatiarra da kontua: daukagunaz lasai gozatuz ase beharrean, ez daukagunaren minaz kexatzeko mania dugu. Ez dugu erremediorik!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.