Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

KulturBet

2018ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Sekula ez naiz horren donostiar sentitu. Ezta danborradako zuzendari izan nintzenean ere. Joan den ostiraleko afalostean, sofaratu eta telebistaren aurrean jarri nintzen, inertziaz, helburu jakinik gabe. Konturatzerako, hiri honen estandarte nagusien zuzeneko emankizunei begira nengoen, adi: Donostiako Zinemaldia irekitzeko ekitaldia eta Realeko gizonezkoen futbol partida. Txandaka: Kursaleetik El Alcoraz futbol zelaira lehenengo; El Alcorazetik Kursaaleko aretora gero; eta buelta berriz. Ez biak ikusteko interes berezirik nuelako, ezpada bakar batek ere ez zuelako nire arreta bost minutuz baino gehiagoz mantentzerik lortu. Halakoak gara millennialak.

Ez nuen gehiago behar izan Zinemaldiaren herrenak identifikatzeko. Ez da SSIFF —hirilotsa sentitzea ere tokatzen zaigu tarteka— izen alferrik internazionalizatua. Ez da astebetean iraungiko den zinefilia sutsu orokortua. Eta ez da gainontzekoei lurretik bi metro gorago baleude bezala begiratzen dieten akreditatu pedanteen oldea. Edo bai, hori guztia ere bada. Baina horrez gain, zerbait falta zaio Zinemaldiari. Zerbait falta zaie, oro har, mundu zabaleko kultur emankizun guztiei. Oso euskalduna omen den zerbait: jokoa, apustuak eta haien bueltako zirrara hori.

Guztion arreta bereganatu nahi badute; nahi badituzte zale amorratuak han eta hemen, ez dago formula hoberik: KulturBet-ek babestutako tarteak, apustu-etxeen irudiarekin egindako alkandoraz jantzitako zuzendariak, zine kritikari finenek mimoz azaldutako kuota tentagarriak, eta —zergatik ez?— ordainketa Eusko Jaurlaritzaren kultura-bonoarekin egiteko aukera. Hori, eta iragarkiak, etenik gabe: emankizuna hasi aurretik, hutsarte bakoitzean, eta ondoren; Jose Coronadok hasitako bideari segika, punta-puntako aktoreekin.

Audientzia datuek egingo dute gora, haziko da babesleei esker lortzen den diru-poltsa, eta, ondo ateraz gero, zabalduko da sendo: bertsolari txapelketetara, dantza saioetara, Euskadi Sarietara... Total, Realaren —edo beste edozeinenen— partidetan egiten dute honezkero, inor gehiegi asaldatu gabe. Telebistatik —publikoetatik barne— ludopatak ekoitziko baditugu, behintzat jakin dezatela Haneke zein den. Izan daitezela pobreak, menpekoak eta diru erraz iturri, baina dozena bat film korear izendatzeko gai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.