Martxoaren 8an, greba feminista. Iritzia

Feminismo antirrazistaren harira

Jimena Bandeira Suarez. Zuriñe Rodriguez Lara
2019ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Orain urte batzuk baino arrazakeria gehiago dago egun», errepikatzen du emakume musulman batek aukera duen bakoitzean. Arrazakeria aurrera egiten ari den testuinguru baten errealitate gorpuztua da. Testuinguru historiko berean, Mugimendu Feminista indar geldiezinez ari da hazten, alternatiba material errealak dituen masa mugimendu bakar bihurtuta.

Horregatik, bizi dugun errealitateak feminismoaren eta arrazismoaren aurkako borrokaren erlazioak birpentsatzera behartzen gaitu. Horregatik, eta gure bizitzak —migratutako eta arrazializatutako emakumeenak— direlako jomugan daudenak.

Arrazismoaren eta islamofobiaren aurrerakada da emakume beltzok autobusetatik botatzen gaituen gerra, polizia atxiloketak azaleko melanina graduaren arabera baldintzatzen dituena, pintada islamofoboekin elkarbizitzera behartzen gaituena, lanpostu duin bat lortzea eragozten diguna, ama ez izatea soilik payek erabaki dezaketelakoan ginekologoen kontsultetan epaitzen gaituena. Hori guztia hemen eta orain ari da gertatzen; feminismoaren garai handian.

Arrazismoa gure gorputz migratuek jasaten dute, baina guztion bizitoki diren lurraldeetan eraikitzen da, eta horietatik elikatzen da. Horretaz asko dakigu faxismoak gobernatu duen lurraldeetan bizi garenok Araban eta Nafarroan—. Autobusetatik gu botatzen gaituzte, baina, bertokoen begirada pasiboaren aurrean egiten dute, ala beraien erresistentzia solidario eta aurkakotasunarekin egiten dute? Gure hiri polarizatuetan arrazismoari erantzuten diogu, baina artikulatuta gaudela egiten al dugu? Feminismo hegemonikoaren agendak interpelatzeko duen gaitasun berdina izango duen arrazismoaren aurkako agenda feminista bat eraikitzen ari al gara?

Gure iritziz, hor dago koska. Feminismoaren eta arrazismoaren aurkako borrokaren arteko erlazioen inguruan pentsatzeko eskatzen dugunean, horri buruz ari gara. Migratutakoen eta bertakoen arteko aliantzak ulertzeaz, ez bakarrik eguneroko arrazismoaren aurkako tresna gisa, baizik eta gure bizitokia izatea nahi dugun komunitate politikoaren eraikuntzan elkarrekin parte hartzea ahalbidetuko digun tresna gisa ere; komunitate horretan migratuak besteak bezain subjektu baikara.

Aliantza horiek elkar aitortzea eta pribilegio zuria deseraikitzea eskatzen dute, eta estrategikoak izan daitezen, ezinbestekoa da aliantza horiek hegemoniatik kanpo eraikitzea, emakumeok bizi ditugun zapalkuntza egoera desberdinen aitortzatik abiatuta. Horretarako, hegemonia ez garenon jakinduriak eta borrokarako modu propioak Mugimendu Feministaren eragitearen parte izan behar dira. Kontua ez da Feminismo Hegemonikoaren borondate onarengana jotzea, baizik eta gu ahaztuko ez gaituen agenda batekin elkarrekin pausoak ematea, bestela ez du zentzurik bidea elkarrekinegiteak.

Horretan gaude, esperimentazioaren bitartez elkarrekin bidea egiten. Ez da eraldatzailea Benettonen erakustoki baten gisara aniztasunak batzea; benetako eraldaketak eskatzen du aniztasuna kudeatzea antirrazistak eta oso politikoak diren egintzetatik. Arrazismoari artikulatuta dagoen feminismo antirrazistaren bidez aurre egiten zaio.

Faxismoak migratutako eta arrazializatutako pertsonak markatzen ditu praktika arrazisten bitartez, eta mugimendu feminista eta LGTBIa mehatxatzen ditu eskubideen atzerakada baliatuta. Hemen eta orain, argazkia argia da, eta bien arteko interakzioa erabat estrategikoa. Elkarrekin eseri eta horri nola aurre egin ikustea besterik ez zaigu geratzen, ez baita etorkizunean etorriko den zerbait; dagoeneko hemen dagoen errealitatea da. Pentsa dezagun nola, baina hasteko, datorren Martxoaren 8an Migratu eta Aliatu atera gaitezen elkarrekin barrikadetara!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.