IKERKETA

2020ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
EHUren Kriminologiaren Euskal Institutuak egin du azterlana, Francisco Etxeberria auzi medikuaren eta Laura Pego zuzenbide katedradunaren zuzendaritzapean.

Zenbat kasu aztertu dituzte?

204 espediente ireki dituzte, eta 35 baztertu, nahikoa informazio bildu ez dutelako. Hortaz, 1960tik 1978ra 169 kasu ikertu dituzte.

Epe horretan izandako kasu guztiak dira?

Ez. Ikerketaren asmoa zen hemezortzi urte horietan Nafarroan tortura jasan dutenen «unibertso osoa» aintzat hartzea, baina komunikabideek ez zuten ikerketa horren berri eman, eta horrek zaildu egin du kaltetutako hainbatek borondatez eskaera egitea. Halaber, hainbat lagunek uko egin diote parte hartzeari, eta hogei kasutan ezin izan dute pertsonekin kontaktuan jarri. Txostenak nabarmendu du hainbatek «une txarra» pasatu dutela jasandako tortura berriro ere kontatzerakoan.

Zenbat lagunek jasan zuten tortura garai horretan?

169 kasu egiaztatu dituzte, baina berez 153 lagunek jasan zuten egoera lazgarri hori, «haietako batzuek behin baino gehiagotan jasan baitzuten». %90 (138) gizonezkoak izan ziren, eta %10 emakumeak (15). 115 nafarrak ziren, 23 gipuzkoarrak, lau bizkaitarrak, hiru arabarrak eta beste lau Euskal Herritik kanpokoak.

Zer Poliziak torturatu zuen?

169 kasutatik, 84 Espainiako Poliziak eta 56 Guardia Zibilak. Beste 29 kasutan, ez dute zehazten, «zalantza dutelako». Kasu gehien 1978an izan ziren (47), zailtasunak izan baitituzte kasu zaharragoen informazioa biltzeko.

Zer tortura metodo erabiltzen zuten poliziek?

49 kasu aztergai hartuta, gehien erabili zutena kolpeak ziren (%83,7): jipoiak, iletik tiraka egitea eta bultzadak. Halaber, ohikoa zen lo egitea galaraztea. Mehatxuak ere ohikoak ziren, eta, kasu bakanetan, hilko zituztela antzeztea. Salaketen %38k umiliazio moduak jaso dituzte; horien artean ohikoena da psikologikoa. %43tan, posizio behartuak edo nekagarriak hartzera behartu zituzten. Hamar kasutatik bitan asfixia bilatu zuten, gehienetan bainuontzi delakoaren bidez. %18k indarkeria sexuala salatu dute. Argindarra, berriz, kasuen %4tan erabili zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.