Koronabirusa. Pedro Gullon eta Javier Padilla. 'Epidemiocracia' liburuaren egileak

«Desberdintasunen inpaktua ageriago geratzen ari da bigarren olatuan»

Osasun publikoko diziplinaren egitekoa aldarrikatu dute, eta ez soilik pandemia garaian. Ikuspegi horretatik nabarmendu dute beste konfinamendu batek osasunari kalte egingo liokeela.
<b>Pedro Gullon, ezkerrean, eta Javier Padilla, eskuinean.</b>
Pedro Gullon, ezkerrean, eta Javier Padilla, eskuinean. J. DANAE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Maite Asensio Lozano -

2020ko azaroak 20

Koronabirusa urruneko albiste bat baino ez zenean bururatu zitzaien izurriei buruzko liburu bat idaztea, eta udan argitaratu zuten Epidemiocracia, pandemiaren lehen olatuaren ostean. Madrilen lehen arretako medikua da Javier Padilla (Madril, 1983), epidemiologoa da Pedro Gullon (Madril, 1988), eta biak dira osasun publikoan adituak. Izurrien ikuspegi sozialaz eta politikoaz mintzatu dira liburuan, eta osasun krisiaren lehen lerrotik ikusitakoaz gogoetatu dute elkarrizketan. Aitortu dute «etsia hartuta» eta «nekatuta» daudela, arloko langile asko bezala; besteak beste, neurriez erabakitzeko prozesuetan «lehen arreta eta osasun publikoa gutxiesten» ari direlako sarri.

Lehen olatu arinak dituzten lekuetan bigarren olatuak bortitzagoak izaten dira; ematen du hala gertatzen ari dela, adibidez, Ipar Euskal Herrian. Zergatik?

Javier Padilla: Hipotesi bat da, bi faktorerekin lotuta. Batetik, jokabidea: katastrofearen bizipena ez denez hain hurbilekoa izan, jarrera eta jokabide batzuk ez dira barneratzen. Eta, bestetik, immunologiaren faktorea: talde babesa ez da soilik aktibatzen herritarren %60 gaixotu direnean, %15-20 direnean ere —berrinfekzioak izan daitezkeen arren— badago gaitasuna kutsatzeak gelditzeko. Intzidentzia handiko tokietan, ia mundu guztiak ezagutzen du kutsatutako norbait, eta, beraz, jarduera sozialak berez murrizten dituzte. Gainera, kontuan izan behar da kutsatze asko eragin dituzten jarduerak ez direla berdinak lehen eta bigarren olatuan; bigarren honetan ageriago geratzen ari da desberdintasunen inpaktua.

Pedro Gullon: Lehen olatuan, birusa hiri handietara iritsi zen, eta gero nukleo txikietan oso azkar hazi zen; etxeko konfinamenduak babestu egin zituen intzidentzia txikiko tokiak, han ere ez zedin zabaldu. Aldiz, bigarren olatuan transmisio komunitario txikiagoa zegoen, baina beste faktore batzuen bidez hasi da, eta horiek oso lotuta daude desberdintasun sozialekin, lan motarekin...

J.P.: Eta azalpenik gabeko kasu batzuk ere badaude: Nafarroan zer gertatu den, adibidez, ez dakigu. Oro har, arnas aparatuko epidemiek dentsitate handia izaten dute han, baina tira, gertatzen ari dena azaltzeko gaitasun mugatua dugu, eta zer gertatuko den aurreikusteko, ez dugu batere.

Esana duzue determinatzaile sozialek eragina dutela gaitza hedatzea dakarten jokabideekin. Zergatik kostatzen da hainbeste horiez ohartzea?

P.G.: Epidemia honetaz aritzean aipatu dugu hori, baina osasun publikoko diziplinaren borroka garrantzitsuena da: ulertzea nola sortzen diren gaixotasuna edota osasuna eragiten duten jokabideak. Adibidez, gizentasunaren epidemian, asko hitz egiten da gaizki jateaz eta ariketa fisikorik ez egiteaz, baina ez da ia aztertzen ea denboraren erabilerak astirik uzten duen etxean kozinatzeko, edo nola eragiten duen aberastasunaren banaketak elikagai batzuk erosteko ahalmenean, edo hirigintza politikek nola bihurtu gaituzten autoaren mendeko. Auzi ideologiko hori COVID-19an ere ikus dezakegu: jendea kutsatzen ari da enplegu motagatik, lan baldintzengatik edo etxeen ezaugarriengatik, baina elementu punitiboago bat gailentzen ari da, eta errua herritarrei egozten zaie.

J.P.: Gobernuei eskatzen ari zaie azkar eta irmo jarduteko; beraz, askoz errazagoa da instituzioek mugikortasuna mugatzea, eremu produktiboan esku hartzea eta, adibidez, telelanera behartzea baino, gobernuek badituztelako tresnak mugikortasunean eragiteko, baina ez patronalarekiko botere harremanak aldatzeko. Auzia egiturazkoa da, baina norbanakoan zentratutako mezuen inflazio bat dago, eta ezkutuan geratzen ari da, adibidez, gertuko batek positibo eman eta lanera behartuta doazen langileen errealitatea.

P.G.: Gehiegi ari gara aztertzen zerk kutsatu dituen pertsona jakin batzuk, eta ez gara pentsatzen ari zer jardun sozial, ekonomiko eta politiko diren arriskutsu.

Ez dago datu argirik kutsatzeez, baina non ari dira gertatzen?

J.P.: Egia da arazoak ditugula kontaktuak aztertzeko: positiboen %85 inguru ez daude agerraldiei lotuta, ez dakigu nondik datozen. Baina, nire ustez, akats bat da eremu bakoitzak kutsatzeetan duen pisuari kopuru bat jartzen saiatzea; besteak beste, osasun publikoko taldeen egiturarekin ezinezkoa delako. Hortaz, garrantzitsua litzateke zentratzea identifikatzen ari garen lekuen ezaugarri komunetan: toki itxiak dira, aireztapen txarrarekin, eta jendea maskara gabe egoten da hizketan edo kirola egiten. Edonola ere, ez du zentzurik esateak etxeetan eta aisialdian kutsatzen ari dela jendea baina lantokietan ez dela ezer gertatzen ari, kontuan izanda herritar askok lan baldintza penagarriak dituztela. Eta esaten badugu lan eremuan ez dela ezer gertatzen, ezkutatzen ari gara batik bat zaintzarekin lotutako lanak: ez dut uste hor segurtasun baldintza guztiak betetzen direnik.

P.G.: Halere, pertsona bakoitza zehazki non kutsatu den jakinda ere, ez genituzke erantzun guztiak edukiko, hau ez baita kontu matematiko bat, ez datza kutsatze gehien duten lekuak ixtean. Toki batzuetan emango dugun erantzun politikoa balantzan jarri behar dugu toki horiei sozialki emango diegun lehentasunarekin. Adibidez: ez dirudi eskoletan transmisioa areagotzen ari denik, baina gertatuko balitz ere, irekita manten genitzake, gizartearentzat funtsezkoak direlako.

J.P.: Hor badago beste kontu bat: kutsatzeak gutxitzeko neurriekin lotutako askatasun eta eskubideak. Tabernak ixtea aipatu denean, jende batek esan du bazkaltzeko planak etxeetan egin daitezkeela, eta hori ezin zaie ukatu. Elkarrekin bizi ez direnen bilerak sei pertsonara mugatzea ez da legezkoa: ez dago kontrolatzeko gaitasunik, ezta zigortzekoa ere, kalean ibiltzea baino ezin baita zigortu. Hortaz, arrisku bera izanda ere, neurri batzuek eragina dute askatasun indibidualetan, eta agian ez dugu muga hori igaro nahi izango.

Hala ere, erreala al da esatea tabernetan elkartu ezin diren guztiak etxeetan elkartuko direla?

J.P.: Ez. Neurriek bi misio dituzte: zuzeneko ekintza eta kontzientziazioa. Tabernen itxiera iragartzen dutenean, jende askok ulertzen du egoera dramatikoa dela —jarduera ekonomiko inportante bat ixteraino—, eta ondorioz, sozializazioa murriztu behar duela.

Epidemietako lehen neurria izaten da eskolak ixtea. Oraingo ikuspegitik, erabaki egokia izan zen martxokoa?

P.G.: 2009ko gripearekin bezala egin zen martxoan, agian erosotasunagatik, eta pentsatzen delako umeen ezaugarriek —elkar ukitzen dute, maskara gabe hitz egiten dute...— arriskuan jartzen dituztela. Martxoan erabaki hori hartu zuten hainbat erkidegok alarma ezarri baino lehen, eta sentsazioa eman zuten zerbait egiten ari zirela. Egia da ez genekiela ezer gaixotasunaz, eta ordutik hainbat gauza ikasi ditugula. Eta horietako bat da eskolak ixtea oso larria dela termino sozialetan, haurrentzat eta gurasoentzat. Orain, eremu horren garrantzi sozialaren arabera jokatu behar dugu eta irekita mantendu.

Ipar Euskal Herria konfinatuta dago, eta Hegoaldean ere mehatxu hori dago. Ba al dago erdibideko neurririk?

J.P.: Egun ia denari esaten diogu hala, baina konfinamendua baldin bada mugikortasuna etxeko eremura mugatzea eta jarduera ekonomiko ez-funtsezkoak etetea, bai, badaude erdibideak; are, ikusten ari gara leku batzuetan kutsatzeen kurba jaisten edo egonkortzen ari dela konfinatu beharrik gabe. Maiz entzuten dugu etxeko konfinamendua dela eraginkortasuna izan duen neurri bakarra, baina egiaz, eraginkorra izan da egin dugun gauza bakarra izan delako. Eta diskurtso horrek ezkutatzen du konfinamenduak osasunean duen inpaktua. Etxealdia saihesteko neurri zehatzena da aztarnari talde sendo bat edukitzea, kontaktuak ahalik eta azkarren detektatzeko eta bakartzeko. Eta erdibidean badaude hainbat aukera: hala nola jarduera ekonomiko ez-funtsezkoak eta ostalaritza ixtea.

P.G.: Jarduerak mugatzean dago giltza. Osasun arloan hartzen ditugun neurri guztiek dituzte bigarren mailako efektuak, eta horiek murriztera jo beharko genuke. Badago konfinamenduaren nolabaiteko erromantizazio bat, eta pribilegiotik eskatzen da sarri: ez dizulako buru osasunean eragin, ez duzulako genero indarkeriarik jasaten edo ez duzulako arazo ekonomiko handirik izan... Etxeko konfinamendura joko badugu, bigarren mailako efektuei aurrea hartzen saiatu behar dugu: adibidez, errenta unibertsal eraginkor bat abiatuz zailtasun ekonomikoei aurre egin ahal izateko; pertsonen zaintza baimenduz, ezin baititugu adinekoak berriro bisita gabe utzi; eta autozaintza bideratuz: kalean kutsatzea zailagoa bada, ezin da ariketa fisikoa debekatu.

Neurriak ez zorrozteko, gobernuek argudiatu izan dute ZIUetako oheetan oraindik badela lekua. Horrek zeharka dakar onartzea jende gehiago gaixotuko dela? Egokia da irizpide hori?

J.P.: Intzidentzia maila jakin bat onartzen dugunean, hilabete geroago heriotza kopuru jakin bat izango dela onartzen dugu; lotura horretaz kontziente izan behar da. Era berean, kutsatzeen ondoriozko heriotzak saihesteko har daitezkeen neurriek, segur aski, heriotza gehiago eragingo dituzte etorkizunean; izan ere, badakigu, adibidez, atzeraldi ekonomikoak inpaktu handia duela osasunean. Osasunaren eta ekonomiaren arteko zirkulu horretan jokatu behar dugu. Gainera, Espainian indarrean diren osasun sistemetan ZIUetako ohe kopurua nahiko apala da, baina ez da defizit bat, baizik eta ezaugarri bat; hain justu horregatik, gure esku hartzeak ZIUra iritsi aurreko faseetan zentratu behar lirateke, hau da, osasun publikoan eta lehen arretan, hor baitago gure indargunea.

Azken asteetan protesta ugari izan dira, eskuineko zein ezkerreko sektoreek deituta. Nola ikusten dituzue?

P.G.: Aurrez hor zeuden desberdintasun asko azaleratu ditu pandemiak. Halere, bi protesta mota sortzen ari dira: batetik, soilik askatasun indibidualak mugatzearen aurka doazenak, eskuin muturrarekin eta goi klasearekin lotuta; baina, bestetik, jende askok salatu du krisiaren erantzuna ez dela ematen ari babes sozial nahikoa, edo ez dela osasun sistema babestu. Eta horien aurrean ezin gara entzungor izan.

J.P.: Pandemia ezin da izan justizia sozialaren aldeko borroka abolitzeko aitzakia totalizatzaile bat. Hori argi izan behar dugu, mobilizazio horiek osasunerako eskubidearen parte baitira.

«Ezin inor salbu egon, denok salbu ez bagaude», diozue liburuan. Komunaren ikuspegia babesteko aldarri bat da?

P.G.: Ikuspegi soilki utilitarista batetik, pertsona bat babesteko ere kolektiboa nola dagoen pentsatu behar da. Bigarren olatuko agerraldi asko, adibidez, aldizkako langileen artean hasi dira, bizi baldintza tamalgarrietan daudelako.

J.P.: Pandemia da gizarteko interdependentziaren adibiderik onena: kausa sozial, ekonomiko eta politiko argiak ditu; beraz, eremu sozial, ekonomiko eta politikoek duten ezaugarri kolektiboetan esku hartuz aterako gara soilik. Batez ere, ez dagoelako salbatuko gaituen neurri indibidualik; txertoak ere ez digu immunitaterik emango, denok jarri ezean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Bezeroak Baionako Orbe karrikako erakusleiho bati begira, atzo. ©BOB EMDE

Dendak zabalik, eta gainezka

Oihana Teyseyre Koskarat

Hilabetez hetsirik egon ondoan, dendak ireki dituzte berriz Iparraldean. Gelditurik jarraitzen duten sektoreek protesta egin dute

Hegoaldeko positiboen ehunekoa apalduz doa: %5,05 da orain

Edurne Begiristain

Beste 723 positibo atzeman dira azken zenbaketan, bezperan baino 35 gutxiago. Bizkaian ez beste lurralde guztietan gutxitu dira kutsatuak
 ©JAIZKI FONTANEDA / @FOKU

Parlamentuak, 'ahogeldo'

Lander Muñagorri Garmendia

Nafarroako Parlamentuan eta Eusko Legebiltzarrean ostegunean egin zituzten osoko bilkuretan euskara zenbat erabili zen neurtu du BERRIAk. Bi ganberen artean, hitz egindako hamar minututik bitan baino ez ziren aritu euskaraz.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna