Aiegik eremu ez-euskaldunean jarraituko du

Galdeketa egin dute eremu mistora pasatzeari buruz, eta 30 botoren aldeaz erabaki dute ez aldatzea. Herritarren %42k eman dute botoa

Aiegiren argazki bat, artxibokoa. IÑIGO URIZ / FOKU.
Jon Rejado.
2018ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Eremu ez-euskaldunean jarraituko du Aiegik (Nafarroa). Igandean herri galdeketa bat egin zuten, honako galdera honi buruz: «Nahi al duzu Aiegi, eremu ez-euskaldunean kokatuta, eremu mistora pasatzea 18/1986 Euskararen Foru Legeari dagozkion xedeetarako?». Orotara 752 pertsonak bozkatu zuten: parte hartzeko eskubidea zuten herritarren %41ek. Botoak zenbatuta, Aiegik eremu ez-euskaldunean jarraitzearen aldekoak izan ziren nagusi: 391 pertsonak eman zuten oraingo egoera ez aldatzearen aldeko botoa, eta 361ek eremu mistora pasatzearen aldekoa. 30 botoren aldeagatik ez dute aldatuko.

Aiegiko udalbatzak 2017ko maiatzean bozkatu zuen eremu mistora pasatu edo ez: dozenaka herri igaro ziren garai hartan. Aiegik, ordea, ez zuen onartu, boto bategatik. Udalean gehiengoa du Ayegui Unido taldeak, eta hango sei zinegotziek aldatzearen aurka egin zuten. Oposizioko bost zinegotziek, alde. Herri galdeketa egitea erabaki zuten udalbatza hartan, eta erabakitakoa beteko zuela hitzeman zuen Juan Mari Iantzi alkateak. Espainiako Gobernuari baimena eskatu zioten, eta irailaren 14an jaso zuen baiezkoa, eskaria araudiarekin bat zetorrela argudiatuta. Hala ere, gogorarazi zuen Aiegik aldaketaren alde egingo balu ere Nafarroako Parlamentuak eman beharko liokeela baiezkoa herria eremuz aldatzeari.

Parlamentuak, 2017ko martxoan, eremu mistoa zabaltzeko aukera eman zuen, eta, ordutik, dozenaka herri aldatu dira eremu mistora. Horietatik hainbat Aiegi inguruko udalerriak izan ziren: Allin, Metauten, Murieta, Abaigar...

Lau alkate ohi, alde

Galdeketa izan baino astebete lehenago, Aiegiko lau alkate ohik, beste hogei lagunen babesarekin, idazki bat aurkeztu zuten eremu mistora pasatzearen aldekoa. Nabarmendu zuten «milaka urte dituen Nafarroako hizkuntza» berreskuratzeko pausoa izango zela, «errespetuz» emandakoa, «aniztasunaren aldekoa», eta inguruko udalerriekin «bat etortzekoa».

Azaroaren 2tik 16ra arte egin zuten kanpaina. Aldaketaren aldekoek salatu zuten zenbait tokitan jarritako pankartak kendu zizkietela, herri galdeketaren aurreko kanpainaren testuinguruan kokatu bazituzten ere. Salatu zuten herriaren sarreran jarritako kartelak ez zuela iraun 24 ordu ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.