Maravillas gaztetxea. ANALISIA

Nola atera sorgin gurpiletik

ENDIKA PORTILLO / FOKU

Ion Orzaiz -

2019ko urtarrilak 23
Larunbat iluntzean, rotaflexaren laguntzaz, berriro Rozalejoko markesaren jauregira sartzea lortu zuten Maravillas gaztetxeko kideek. Nabarreria plazan bildutako jendetzak txalo eta oihu artean hartu zuen okupazioa. Bueltatuko gara leloa irakur zitekeen gaztetxearen metalezko atean eginiko pintaketa batean. Eta bueltatu ziren... ordu gutxiren buruan Foruzaingoak atzera ere eraikina zigilatu zuen arte. Ekintza, hortaz, gehiago izan zen sinbolikoa, okupazio praktikoa baino. Gazteek bi helburu bete nahi izan zituzten larunbateko sartu-irtenarekin: batetik, agerian uztea Nafarroako Gobernuak Rozalejoko markesaren jauregian eginikoa ez zela «ikuskatze tekniko» soila izan, «ondarearen suntsitzea» baizik —horretarako, arkitekto tekniko batek sinatutako txostena ere aurkeztu dute, Nafarroako Gobernuak eraikinaren segurtasunaz adierazitakoari aurka eginez—; bestetik, instituzioei erakutsi nahi izan zieten Alde Zaharreko gazteak prest daudela okupazioaren bideari eusteko, Poliziaren oldarraldiek ez dituztela makurrarazi, eta, porlanezko itxituren nahiz metalezko xaflen gainetik ere, gai direla Rozalejo berriz okupatzeko.

Administrazioaren erantzuna ere berehalakoa izan zen. Gazteek jo zieten erronka onartuta, foruzainez eta Espainiako poliziez bete zen Alde Zaharra —azken asteetan ohiko bihurtu den irudia, eta auzoko bizilagun, ostalari eta merkatari askoren haserrea piztu duena—. Espainiako Poliziak, bestalde, koska bat gehiago estutu du egoera, iragan asteko protestetan parte hartutako zazpi gazte atxilotuta, eta beste 48 pertsona ikerketapean jarrita. Hala, Polizia operazio bihurtu dute zitazio bidez konpondu zitekeen tramite hutsa, eta, bide batez, asaldura are handiagoa eragin dute Alde Zaharrean. Indar erakustaldia, estrategia bakar gisa.

Auzokideak nazkatu dira dagoeneko albo kalteen zerrendan egoteaz. Salatu dute egunean bi edo hiru aldiz identifikatzera behartzen dituela Poliziak, etxetik atera edo etxera itzuli nahi duten bakoitzean. Kopetaraino daude «auzo militarizatu batean bizitzeaz», eta polizia dispositiboa kentzeko galdegin diete arduradun politikoei.

Horrekin batera, eta iazko abuztuan egin zuten bezala, «irtenbide negoziatua» eskatu dute auzo elkarteek eta ostalariek, baita Iruñeko Peñen Federazioak ere. Iaz egin zuten deialdiaren ostean abiatu zen, hain zuzen, Maravillas gaztetxearen, EH Bilduren eta auzokideen arteko negoziazioa. Oraingoan, baina, higadura handiagoa nabari zaie alde guztiei, eta zaila izanen zaie iazko konfiantza giroa berreskuratzea. Zaila, baina ez ezinezkoa.

Joseba Asiron alkateak eta EH Bilduk bat egin dute eskari horrekin, eta, orain arteko neurri polizialak arbuiatzeaz gain, «eraikin batekin ez tematzeko» eskatu diete Maravillas gaztetxeko kideei. «Buklea apurtu beharra dago, proiektua baita garrantzitsuena, ez eraikina; gobernuak, hala ere, ezin du jokatu El Alamo gotorlekuaren defentsan ariko balitz bezala», laburbildu zuen Adolfo Araizek. Ez da harritzekoa EH Bildu izatea negoziazioaren alde irmoen agertu den talde politikoa, asko baitu jokoan Maravillasen hustearen auzian: Geroa Bairekin sinatua duen gobernu itunari leial eusteak zailtasunak eta tentsioak eragin dizkio udal gobernu barruan, baina baita ezker abertzalearen inguruko zenbait sektore kritikorekin ere —Caparrosoko txaletaren auzian ere argi ikusi ziren tirabira horiek—. Kontrara, gaztetxearen aferari irtenbide adostu bat ematea garaipen garrantzitsua izanen litzateke koalizio independentistarentzat.

Oso bestelakoa da Geroa Bairen egoera. Zentraltasun politikoa eta irmotasuna erakutsi nahi ditu gaztetxekoen kontra, UPNk orain arte marraztu duen iruditik aldenduta. Distantziak azpimarratu, hauteskundeen aurretik. Horregatik, ez dio ezezko borobila eman Asironek planteatutako negoziazioari... ezta baiezko argirik ere. Bien bitartean, UPN pozarren dago, harmailatik ikuskizunaz gozatzen. Finean, oposizio izateko ardura ere kendu diote.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna