Koronabirus

Hirugarren olatua indarra galtzen ari da, baina intzidentzia handia da oraindik

Urtarrilaren 19aren pareko egoerara itzuli da Hego Euskal Herria. 749 herritar daude ospitaleratuta, horietatik 195 larri, ZIUko oheetan. Sanchezen erantzunaren zain da Urkullu

Nafarroako Ospitale Gunean, PCRak egiteko eremua. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2021eko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Hirugarren olatua atzerantz egiten ari da apurka Hego Euskal Herrian. Jadanik, hilabete inguru egin du atzera. Zehazki, batez beste, urtarrilaren 19aren pareko egoeran daude lau lurraldeak100.000 biztanleko 425 kasurekin. Halere, oraindik ere intzidentzia tasa handia da. Izan ere, Bizkaiak eremu gorrian jarraitzen du; Arabak eta Gipuzkoak iragan aste amaieran lortu zuten muturreko arriskua adierazten duen 500 kasutatik behera egotea, eta guztien artean Nafarroa dago hobekien: 100.000 biztanleko 265 kasuren batezbestekoarekin. Edonola ere, arrisku handiko adierazle epidemiologikoa litzateke hori.

Espainiarekin alderatzeko ohitura nabarmendu da azkenaldian, baina, Portugalekin batera, gaur egun Europan intzidentzia handieneko eremua da Iberiar penintsula. Espainiak batez beste 100.000 biztanleko 800 kasu inguru ditu, eta Portugalek 1.100dik gora. ECDC Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Europako Zentroaren otsailaren 11ko datuen arabera, Frantziaren pare legoke orain Hego Euskal Herria. Haatik, badira intzidentzia apalagoa duten herrialdeak: Alemanian, adibidez, batez beste 100.000 biztanleko 176,9ko intzidentzia dute; Grezian, 111,6koa; Norvegian, 69,2koa; Finlandian, 97,6koa; eta Islandian, 8,4 eskasekoa.

Igandean, 465 positibo

Atzo Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, 465 positibo atzeman ziren Hego Euskal Herrian. Orotara, beraz, egindako 8.752 PCR eta antigeno proben artean, %5,3k eman zuen positibo.

Lurraldeka, Bizkaiak du kasu gehien. Oraindik ere 100.000 biztanleko 506 kasu ditu batez beste, baina ematen du laster utziko duela eremu gorria. Igandean, 270 atzeman ziren, bezperan baino 28 gehiago. Gainerako lurraldeetan behera egin zuten kutsatzeek: Araban, 51 kasu atzeman ziren, larunbatean baino zazpi gutxiago; Gipuzkoan, 91, 24 gutxiago eta Nafarroan, 48, bezperan baino zortzi gutxiago.

Ospitaleen gaineko presioa motelago leuntzen ari da. Azken datuen arabera, 749 lagun zeuden ospitaleratuta, urtarrilaren 21eko egoeraren pare. Solairuko oheetan 579 eri zeuden, eta ZIUko oheetan, larri, 195 paziente.

Bilakaera epidemiologikoak behera egin duenez, atzodanik Jaurlaritzak mugakide diren herrietara joan ahal izatea baimendu du. Dena den, EAEko Auzitegi Nagusiak eremu gorrian diren tabernak ixteko erabakiaren aurka egin ondotik, Iñigo Urkulluk aurreratu du Jaurlaritzako zerbitzu juridikoak pandemiaren aurkako lege bat prestatzen ari direla. Halaber, dei egin dio Espainiako Gobernuari berme juridikoak jartzera erkidegoen neurriek arazorik izan ez dezaten. Urkulluren arabera, oraindik ez du Pedro Sanchezen erantzunik jaso. Denis Itxaso Espainiako Gobernuaren ordezkariaren arabera, eskaera «guztiz zilegizkoa» da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.