Bizi Toki. Alternatiba eskolari, eremu kolektiboan

2015eko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Gizarte proiektu zehatza duen espazio kolektibo bat da Bizi Toki, eta bertan, eskolari alternatiba garatzen ari gara», dio Jokin Etxebarnek. Eskolarekiko iritzi kritikoak batu zituen hainbat lagun duela ia sei urte. Bi urte eta erdiko gogoeta saioen ostean, gizarte proiektu alternatiboa martxan jartzea erabaki zuten: Bizi Toki. Bertan hezkuntzak garrantzia handia du, baina alternatiba orokorra izatea nahi dute. «Proiektuak baditu alde ekonomiko, kultural, sozial eta politikoak». Bizi Toki Behauzeko (Nafarroa Behera) Goitia baserrian dago, eta egun, hamabost bat lagunek parte hartzen dute. Nahiz eta bertan lorik egiten ez duten, egunero aritzen dira proiektu kolektiboa aurrera ateratzen.

Euren asmo da haurrak ez eskolatzea. Uste dute gaur egungo hezkuntza sistemak ez diola inori onik egiten. «Bizi Tokin ez dago ikaslerik, ezta irakaslerik ere. Denok ikasten dugu», dio Etxebarnek. Bi dira eskolari egiten dizkioten kritika nagusiak, eskola alternatiboei ere zuzentzen dizkietenak. Batetik, hezkuntzaren delegazioa dago. «Ez dugu batere ondo ikusten heldu batek haurren hezkuntza delegatzea astean hainbat orduz». Etxebarnek uste du heldu guztiek hez ditzaketela haurrak, eta «mila aldiz interesgarriagoa» dela. Bereziki, modu kolektiboan egiten bada. Bestetik, ez dute begi onez ikusten hezkuntza haurraren egunerokotik banatzen den jarduera izatea. «Lau hormen artean egoten da haurra, profesional batzuek bulegoetan diseinatutako curriculumak lantzen. Hezkuntza hori haurraren inguru sozialetik aparte egiten da».

Bizi Tokin, haurrak eta helduak elkarrekin daude. Beraz, helduek lan egiten duten bitartean, haurrak ondoan egoten dira haiengandik ikasten. «Gauzak kontzentrazioz, maitasunez eta gogoz egiten ikusten gaituztelarik, umeak segituan hurbiltzen dira, eta parte hartzeko eskatzen dute». Etxebarnek dio haurren ikasketa metodo naturala behaketa eta imitazio bidezkoa dela. Horrez gain, egunerokoan sortzen diren gauzekin saiatzen dira umeen interesa pizten. Adibidez, baratza lantzen dute Bizi Tokin, eta umeek euren ortua dute. Beste adibide bat: haurrek etengabe ikusten dituzte helduak irakurtzen eta idazten. Hori dela eta, eurek ere ikasi nahi dute hori egiten, eta irakurketa eta idazteko lantzeko material pedagogikoa badute.

Egungo gizartearen alternatiba garatzen ari dira Goitia baserrian, betiere modu kolektiboan. Hori da, Etxebarneren ustez, euren indargunea. «Gizarte indibidualista batean, kolektibotasuna berriz eraikitzen ari gara». Era berean, gauzak kolektiboki eraikitzeak arazoak ere baditu, bereziki elkarren arteko komunikazioari dagokionez. Espazio kolektiboan elkarrekin denbora asko pasatzen dute lanean, eta konturatu dira zeinen konplexua den elkar ulertzea. «Kolektibotasunean lan egiteko perspektiban gaude, baina hori egitea oso zaila da. Hori bai, ez da gauza ederragorik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.