Elurtea. Bizkaia

Bilboko erdigunean ere kateak erabili behar izan dituzte

Tren eta autobusetako erabiltzaileek arazoak izan dituzte lanera iritsi ahal izateko. Mungia eta Bilbo lotzen dituen errepidea itxita egon da, eta herria inkomunikatuta egon da goizean

Bilbobuseko bi autobus Arriaga zubian, geldi. Zerbitzua etenda egon zen goizean. MARISOL RAMIREZ / ARP.
Ibai Maruri Bilbao, Lander Muñagorri Garmendia
Mungia Bilbo
2018ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Bilboko erdigunean atzo goizean zegoen irudiak balio dezake Bizkai osoan izan zutena irudikatzeko. Udaletxe ondoan udaltzainen patruila bat zegoen, aldapa hartu behar zuten gidariei kateak erabiltzeko eskatuz. Udaltzainen autoak ere jarrita zeuzkan. Bilboko metropolia kaosa izan zen goizean goiz: errepideetan apenas ikus zitezkeen automobilik eta autobusik. Hain zuzen ere, Bilbobuseko autobusek zerbitzua etenda izan zuten goizeko zati handienean, eta Bizkaibusek Ezkerraldera, Arratiara eta Durangaldera zihoazen autobusak kendu zituen. Eguerdirako berriz ere normaltasunera itzuli zen egoera.

Zailtasun handiak izan zituzten langile askok lantokietara iristeko. Zamudioko Parke Teknologikora joateko autobus zerbitzuetan, esate baterako, atzerapen handiak izan zituzten askok. «Eguerdiko ordu bata arte ezin izan naiz lantokira iritsi», azaldu zuen horietako batek. Hala ere, elurra gesaltzen hasi zen eguerdirako, eta garraiobideen egoera hobetu zuen horrek.

Trenez ere, beste hainbeste. «Autobusez edo autoz lanera iristeko arazoak izatea normala da, baina trenez?». Mari Jose Arbaiza Laudiotik Bilbora joan zen atzo goizean, eta 07:00etan iritsi beharrean bi ordu geroago iritsi zen lantokira. «Katenariak edo trenbidez aldatzeko orratzek huts egin dutela esaten aritu dira, baina Renfeko inork behintzat ez digu ezer jakinarazi».

Gertakariei dagokienez, Bilboko suhiltzaileek igogailu batean harrapatuta geratu ziren lau pertsona atera behar izan zituzten, eta ibilgailu kaltetuak errepideetatik kentzeko lanetan ere aritu ziren. Bilboko Metroan sortu ziren atzerapen eta jende pilaketaren erdian, bestalde, erdiminez zegoen emakume bat Basurtuko ospitalera eraman behar izan zuten. Emakumeak anbulantzian bertan bota zituen urak, baina lortu zuen ospitalera iristea.

Mungia, inkomunikatuta

Inkomunikatuta geratu ziren herri batzuk. Goizean dozenaka lagun geratu ziren Mungian ez atzera ez aurrera Bilborako autobidean. Artebakarra parean harrapatu zituen elurtzak. Oiane Rike mungiarrak, kasurako, lau ordu luze egin zituen: 07:00 inguruan atera zen etxetik Galdakao-Usansolo ospitalerako bidean, lanera. 11:00etan lortu zuen errepideko harrapaketatik ateratzea.

Jende asko sorpresaz harrapatu zuen elurrak; adibidez, Ruben Jimenez eta Quique Alonso asturiarrak. Oporretan daude karabanarekin, eta Mungian igaro zuten gaua: «04:30 aldera komunera joan naiz, eta dena lasai ikusi dut. Goizean esnatu garenean ezin genuen sinetsi. Butroiko gaztelua eta Gaztelugatxe ikusi nahi ditugu, baina ez dakit iritsiko garen». Zuritutako Bizkaia ezagutzeko aukera izan zuten behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.