Inoizko uztailik beroenaren pare daude tenperaturak

2030-2052 epean tenperaturak munduan 1,5 gradu igoko direla kalkulatu dute. Irailean klimaren inguruko goi bilera bat egingo dute

38 gradu Andoainen, lehengo astean. GORKA RUBIO / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
2019ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
«Neurriak hartzeko garaia da». Horrela adierazi du Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterresek klima aldaketaren gaiaz duen kezka. Meteorologian markak hautsi ditu aurtengo uztailak. Izan ere, Munduko Meteorologia Erakundearen arabera, joan den uztaileko datuek historiako uztail beroeneko datuak «berdindu edo gainditu» dituzte.

Uztaileko lehenengo 29 egunak izan dira beroenak, 2016ko datu beroenekin alderatuta. Ekainean ere tenperatura oso altuak atzeman zituzten: markak gainditu ziren orduan ere. Zientzialariek klima larrialdiarekin lotzen dituzte tenperatura altu horiek, eta, egoera aldatu ezean, 2030 eta 2052 artean tenperaturak 1,5 graduko igoera izango duela ondorioztatu dute. Egoera hori eragozteko asmoz, 2030erako Lurraren berotzea eragiten duten gasen isurketa %45 murriztea «beharrezkoa» dela nabarmendu du Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak. Horrela, 2050. urtean «karbono isuririk gabeko» planeta bat lor daitekeelako.

Erakundeak ohartarazi du joan den uztailean ez dela El Niño deituriko fenomenorik izan, 2016an ez bezala. Hain zuzen ere, fenomeno horrek berotze txiki bat eragin ohi du tenperaturetan, baina ez da aurreko hilabeteetako tenperatura altuen arrazoia izan.

Datuak argiak dira. «Urterik beroenak» izan dira igaro bost urteak: tenperaturak jasotzen hasi zirenetik parerik gabeak. «Klima aldaketaren aurkako neurriak hartzen ez baditugu,gertaera hauek izozmendiaren muturra izango dira», nabarmendu du Guterresek.

Irailaren 23an klimareninguruko goi bilera egingo dutela esan du Antonio Guterresek:«Atzera-bueltarik ez duen klimaren arazoa aurreikustea gure bizitzaren aldeko lasterketa egitea da». Aldaketa «sakonak eta azkarrak» egin behar direla azaldu du. Horiek horrela, Nazio Batuen Erakundea «kanpaina diplomatiko bat» prestatzen dabilela nabarmendu du. «Klima larrialdi honen aurrean», herrialde guztiak «berehalako neurriak» hartzeko konbentzitu nahi dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.