Garraiolariak: «Arduratuta gaude gu ere»

Lan baldintza txarren ondorioz, merkeagoa eta azkarragoa delako erabili ohi dute garraiolariek maiz N-121-A errepidea. Istripuak gertatzearen «errua» haien gain ez jartzeko eskatu dute.

maddi ane txoperena iribarren
Lesaka
2020ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Merkeagoa eta azkarragoa delako: horregatik erabiltzen dute garraiolariek N-121-A errepidea. «Bidesaririk ez dago, eta kontsumo aldetik ere izugarria da aldea». A-15arekin alderatuta mintzo da Joxe Juan Zubieta garraiolari eta N-121-A errepidearen erabiltzailea. Lesakarra da (Nafarroa), eta, beraz, ongi daki zer arrisku dituen errepideak, «garraiolari adina erabiltzaile gisa». «Errepideko obra egin baino lehen, bihurgune batzuetan begiak itxita gurutzatzen genuen elkar kamioiek», gogoratu du. Istripu bat izatearen beldur. Izan ere, 2009an moldatu baino lehen, are okerrago zegoen errepidea. Errepidearen trazadura hobetzearen ondorioz, ordea, trafikoa ere areagotu egin da: «Trafiko bikoitza edo hirukoitza dago orain».

Ez du argi zein den aterabidea, baina uste du autobide bat eraikitzeak ez lukeela deus konponduko, trafikoa are gehiago emendatuko bailitzateke. Eskatu du ez jartzeko ardurarik garraiolariengan, ezta nazioarteko kamioilariengan ere, normala baita, haren ustez, N-121-Aren alde egitea garraiolariek, errepidearen ezaugarriengatik —aldapa gutxiago ditu, bidesaririk ez, eta motzagoa da—: «Guk ere eginen genuke». Jaione Ugalde Hiru sindikatuko kideak ere bat egin du Zubietarekin: «Debekua gogorra litzateke guretzat. A-15ak gorako eta beherako aldapa ugari ditu, eta bai orografikoki, bai denboraz, bai kilometroz egokiagoa da guretzatN-121-A errepidea». Are gehiago gaur egungo egoeran, non garraioa «oso neurtua» dagoen eta «ogibide prekarizatu bat» den: «Denok nahi ditugu gauzak azkar eta merke». Gizarte ereduaren ondorio dela uste du Ugaldek, eta iritzi berekoa da Zubieta ere: «Denek nahi dugu dendara joan eta guk behar duguna hor egotea, behar dugunean».

«Presioa izugarria da»

Garraiolarien egoera txarraz ohartarazi dute bai Ugaldek bai Zubietak. «Presioa izugarria da, eta soldatak, barregarriak», azaldu du Zubietak. Garraioaren prezioa apaldu egin da, hain justu, eta hori kamioilariei soldata jautsiz lortu dutela salatu du Zubietak. Atzerritik datozen garraiolarien egoera txarraz ohartarazi du, bereziki: «Nola bizi diren ikusteak pena ematen du». Azaldu duenez, enpresa handiak egin dira garraioaren kudeaketaren jabe, eta horiek eskaera zehatzak egiten dizkiete langileei: halako ordutan halako lekutan egoteko. «Nola egiten dugun, hori ez da haien arazoa». Denbora «errepidean irabaztera» bultzatzen ditu horrek, baina Zubietak uste du alferrik dela: «Arriskua handitzen du horrek». Halere, ez du uste kamioilariak direnik istripuen erantzuleak. Ugaldek ere ez, zenbakiak oinarri: «Foruzaingoak argitaratutako datuen arabera, istripuak egon diren kasu oso gutxitan dute kamioiek errua». Eta ohartarazi du garraiolariak ere kezkatuta daudela: «Errepidearen erabiltzaile eta herritar gisa, arduratuta gaude gu ere».

Hor daude, era berean, errepidearen gainontzeko erabiltzaileek kamioilariekiko dituzten aurreiritziak, Zubietaren ustez. Kamioiak «traba» gisa ikusten dituztela uste du, eta aitzinatzen saiatzen direla, hortaz. Maiz, modu desegokian: «Autoan goazenak ez gara kontziente zer den kamioi bat gidatzea; pisuagatik, zailagoa da frenatzea, eta abiatzea ere bai». Erabiltzaileen «arduran eta errespetuan» dago gakoa, haren iritziz. Eta instituzioek ere arazoa «seriotasunez» hartzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.