Kostalderako salbu, muturreko tenperaturak iragarri dituzte

Langile bat eguzkipean lanean, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Jon Rejado.
2019ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Mendebaldeko Europan egonkortu den aire bero masaren eragina handia izango da gaur Euskal Herri osoan. Iragarpenen arabera, Nafarroako hegoaldean egingo du bero handiena: 40 gradu baino gehiago, Euskalmetek iragarri duenez. Kostaldean izango dira tenperatura epelenak, 33 gradu ingurukoak. Gainontzeko lekuetan, 35 eta 40 gradu artean emango dute eguna. Tenperatura horiek direla eta, kostaldean «arrisku egoera ertaina» ezarri dute, eta barrualdean, «arrisku handia». Egun osoan hego-ekialdeko haizeak joko du. Iluntzean freskatu egingo du, baina termometroa ez da jaitsiko 18 gradu ingurutik, oro har.

Bihar haizea aldatuko dela iragarri du Euskalmetek, eta hori iparraldean nabarituko da: ipar haizea sartuko da, eta tenperaturak jaitsi egingo dira. 25 gradu inguru izango dira kostaldean. Nafarroako erdialdean eta hegoaldean, baita Arabako Errioxan ere, hego-ekialdeko haizea izango da nagusi, eta 35 eta 40 gradu artean izango dituzte. Leku horietan «arrisku handia» izango dute.

Tenperatura altuak egongo diren egunotarako, beroari aurre egiteko aholkuak gogoratu dituzte osasun agintariek: ura etengabe edan, egarri izan gabe ere; eguerdian eguzkia saihestu, eta, ezin bada, kapela eta jantzi aproposak jantzi; ariketa handirik ez egin; etxeko pertsianak jaitsi...

Beroaren eraginez, sute arriskua areagotu da. Sobronen (Araba), sua piztu zen atzo, zentral hidroelektriko baten inguruan. Iluntzerako kontrolatua zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.