HILBERRIA. Xabier Antoñana

Vianako maisu euskaltzalea

PICASA / WIKIPEDIA.
joxerra senar
Iruñea
2021eko apirilaren 10a
00:00
Entzun
«Lau egunen buruan, Julen Madariaga, Iñaki Aldekoa eta Xabier Antoñana joan dira. Belaunaldi hartako antifaxista gutxi geratzen dira». Antoñana hil zela jakin bezain azkar, lehen kolpean, iruzkin hori idatzi zuen Iñaki Errazkin idazleak. 87 urterekin zendu da Xabier Antoñana idazle, kazetari eta politikari nafarra, Pablo Antoñanaren anaia. Goi Erriberako euskaltzalea irakasle izan zen ogibidez, eta, utzitako ondareagatik, maisu, askorentzat.

1933ko abuztuaren 11n jaio zen, Vianan, sendi tradizionalista batean. Logroñoko Sagasta institutuan egin zituen ikasketak, eta gero, Parisko Sorbona eta Madrilgo Complutense unibertsitateetan, Filosofia, Frantses Filologia eta Kazetaritza ikasi zituen. 1970ean, frankismo betean, udalbatza batean norbaitek Jesus Pellejero alkatearen aurkako irain bat bota, eta herritar bat inkulpatu zutenez, han ziren gehienek, tartean Xabier Antoñanak, autoinkulpazioa egin zuten. Ordena Publikoko Auzitegira iritsi zen auzia. Epaiketa ez zen egin.

Trantsizioan, 1979an, Lizarrako merindaderako HBk, Euskadiko Ezkerrak eta Euskadiko Mugimendu Komunistak osatutako Amaiur taldearekin aurkeztu zen bozetara, eta parlamentari izan zen lehen legealdi hartan. Manuel Irujorekin aritu zen; hura miresten zuen, Telesforo Monzonen antzera. Garai berean, 1978an, herriko Erentzun ikastola sortu zuen, beste hainbat herritarrekin batera. 1980an, Jose Antonio Urbiola parlamentuko lehendakariordea espetxeratu nahi izan zutelako protestan, gose greba egin zuen, eta ospitaleratu egin zuten, larri. Hiru legealditan Vianako hautetsi ere izan zen —1983an, 1987an eta 1999an, azken horretan Euskal Herritarrok taldearekin—.

Literaturan, ipuinak idazten zituen batez ere; genero hori zuen gustuko. Aipagarria da 1981ean Bidegaina fikziozko herrian oinarritutako kontakizun sorta: 36ko gerrako gertaerak eta diktadurako jauntxokeriak salatu zituen. Kezka sozial eta politiko hori agerian utzi zuen artikuluetan ere: hasieran, Pensamiento Navarro egunkari karlistan; trantsizio garaian, Punto y Hora aldizkarian, eta, gerora, Egin-en, Gara-n, eta Noticias taldean. 2009ko abenduan idatziriko azken artikuluan, Arabako Errioxan eta Erriberan euskarak jasandako jazarpena salatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.