HEMEROTEKA

AEBetako sarraskiak ez dira gertatzen maskulinitatearen krisi batengatik, gizonen botereagatik baizik

Suzanne Moore - 'Eldiario.es'

2019ko abuztuak 8
Beldurgarria da zeinen ohiko bilakatu diren AEBetako sarraskiak, hala nola El Pasokoa edo Daytongoa. Zenbatek hil behar dute gertatzen ari denaren ardura geure gain har dezagun?

Inori ez zitzaion bururatu galdetzea AEBetako azken tiroketen berri izatean. Inork ez zuen pentsatuko: «Tira, bada emakume pila bat guztiz alienatua, agian buruko gaixotasunekin, oso jarrera desegokiak dituena AEBetako etorkinekin; hortaz, haietako bat izango zen kasu bakoitzeko 'tiratzailea'». Inork ez zuen halakorik pentsatu, argi zegoelako ez zela hala.

Inor hasi aurretik «gizon guztiok ez» esaka, esango dizuet neuk ezetz, gizon guztiak ez direla hiltzaileak; eskerrak ematekoa ote da hori? Bada, nik behintzat ez dut eskerrik emango, inondik ere. Gizon guztiak ere ez dira bortxatzaileak, baina Erresuma Batuan ikusi dugu nola bortxaketak ia utzi egin dion delitu izateari lege sistemaren gabeziei esker. Horrek guztiak ni bezainbeste asaldatzen ditu gizon asko. Ederki. Egin ezazue lobby bat gauzak alda daitezen; zeuek duzue boterea. [...]

Gizonak XXI. mendean izenburupeko eztabaida batean parte hartu nuen iragan astean. Diziplinarteko debate konplexurik hasi beharrean, orain badirudi aho batez onartu behar dela gaur egun gizon izatea gauza zaila eta nahasgarria dela. Ez hasi horretan. Hain sarritan aipatzen dugun «maskulinitatearen krisi» hori alibi hutsa da. Maskulinitatea krisia da, baina baita boterea ere, eta hori jakintzat ematen dute lasai hitz egin ezinaz kexatzen diren klase ertaineko gizon horiek.

Izugarri tristatzen naiz sorgin erotzat jotzen nautelako sentimenduak adierazten ditudanean. Triste nago, oso triste AEBengatik, garai batean han bizi bainintzen, eta beti iruditzen zitzaidan nire etorkizuna, nire aukera. Nik badut jende askok izugarri desiratzen duen zerbait: AEBetako pasaportea. Ni ere arma artean hazia naiz. Gure aitak arma bat eman zion amari, eta glamour handikoa iruditu zitzaidan hori. AEBetako nire mutil lagun guztiek zituzten armak. Tiro egiten ikasi nuen han bizi nintzela, eta zirraragarria izan zen. Baina AEBak ez dira gehiago etorkizuna, ez behintzat onartzen ez badut sarraskiok gertatu egiten direla, besterik gabe.

Gizonen indarkeria hori baita arazoa nonahi dago, eta AEBetan, goitik behera armatuta. Alda itzazue, bai, armen legeak. Hori aldatzea errazagoa izango da kultura hau aldatzea baino, kultura bat non gizonek etengabe adierazten baitituzte beren sentimenduak, batez ere heriotza eta suntsipena direla medio.

(Erredakzioan itzulia)