Antonio Garamendi

Espainia mingainean duen patronala

Lehen aldiz euskal herritar batek hartu du CEOE Espainiako enpresaburuen elkarteko lehendakaritza. Konstituzioaren eta monarkiaren defentsa sutsua agindu ditu. Emakume gehiago sartuko ditu.

JAVIER LIZON / EFE.
Iker Aranburu.
2018ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Euskal herritarren ustezko astapotrokeriari buruzko txiste batekin hasi du bere agintaldia Antonio Garamendi (Getxo, Bizkaia, 1958) CEOE Espainiako patronaleko presidente berriak. Hautagai bakarra zenez, bozketa egin beharrik gabe heldu da Garamendi erakunde horretako buruzagitzara. Kargu hori beteko duen lehen euskal herritarra da, baina haren izendapenak ez du bekainik altxatu Espainiako enpresaburuen artean, ez behintzat arlo politikoan. Izan ere, Garamendik ez du inoiz ezkutatu PPren gertukoa dela, eta atzo «Espainia konstituzionalaren,modernoaren eta pluralaren defentsa» sutsua agindu zuen, eta leialtasuna azaldu zien monarkiari eta Espainiaren beste erakundeei. Hitzaldia txalotzen ari zirenen artean zeuden Pablo Casado PPko presidentea, Anton Danborenea PPko legebiltzarkidea eta Soraya Saenz de Santamaria aurreko gobernuko lehendakariordea.

Espainiaren batasunaren aldeko aldarria eskertuko ziotenCEOEko batzarkide askok, Kataluniaren independentzia prozesuaren aurka nahiko ozen eta gogor ez mintzatzea egotzi baitiote askotan aurreko presidenteari, Juan Rosell katalanari. Kritikoei erantzun zien atzo Rosellek, bere zortzi urteko agintaldian izandako «zuhurtzia» hobetsi izana defendatuta.

Hitzaldi horretan, Rosellek adiskidetzat jo zuen Garamendi, eta azken lau urteetako jarrera leiala eskertu zion 2014ko bozetan lehiakide izandakoari. Boto gutxi batzurengatik irabazi zuen Rosellek, eta Garamendi lehendakariorde izendatu zuen, Cepyme enpresa ertain eta txikien patronaleko buru zelako.

Harekin harremana izan dutenek diote Rosell baino aldarte hobea duela Garamendik, tratu errazekoa dela. Hala izanda ere, PSOEren gobernuaren bi iragarpenen aurkako mezuarekin estreinatu zen. Gutxieneko soldata 900 eurora igo nahi izateagatik «gizarte eragileak alboratzea» egotzi zion, eta kritikatu egin zuen 2040tik aurrera erregai fosilak darabiltzaten autoen salmenta debekatu nahi izatea. «Autogintzako hiru milioi lanpostu arriskuan» ikusten ditu.

Enpresen buruzagitzan emakumeei kuotak jarri nahi izatearen aurka mintzatu izan da Garamendi, baina atzo ustekabea eman zuen, iragarri baitzuenCEOEko batzorde exekutiboan bost emakume sartuko dituela, «generoak orekatzeko». Gaur egun bost lehendakariorde daude, den-denak gizonezkoak.

Patronaleko gizona

Confebasken bedeinkapenarekin lortu du Garamendik CEOEko buru izatea. «Pertsona perfektua da lanpostu horretarako», azaldudu Iñaki Garcinuño Cebekeko buruak. CEOEk garai «lasai bat» zabalduko duela uste du Bizkaiko enpresaburuen buruak, nahiz eta onartu zuen Espainiako patronalak «aurpegia garbitu « behar duela. Madrilen izan zen Garcinuño, eta harekin batera ziren Roberto Larrañaga (Confebask), Eduardo Junquera (Adegi) eta Pascal Gomez (SEA).

Patronalen babesa izatea ez da harritzekoa, berez, Garamendi patronaleko kide bat baita —Ajebask EAEko enpresaburu gazteen elkarteko sortzailea da, eta urteak egin ditu Cepymen—. Enpresaburu hutsa baino gehiago —ez du enpresarik sortu—, kudeatzaile bat da. Garamendi familiaren akzioen eskutik, enpresa askotako administrazio kontseiluetan izan da —Babcock Wilcox, Tubos Reunidos, Red Electrica...—, eta Bankoako kontseilari ordezkari ere izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.