Iritziz aldatzeko prest?

Izaro Gorostidi - EHUko irakaslea

2019ko martxoak 26
Kanadaren ondoren, Uruguai da Amerikan ama hilkortasun–tasa baxuen duen herrialdea. International Journal of Gynecology and Obstetrics-en txosten baten arabera, haurdunaldiarekin, erditzearekin eta abortuarekin lotutako heriotza-tasak dezente jaitsi dira azken urteotan Latinoamerikako herrialde horretan. Artikulu espezializatuan azaltzen den moduan, Uruguain garatzen diren sexu eta ugalketari lotutako osasun politiken ondorioz gertatu da fenomeno hori. Baina, batez ere, 2012tik haurdunaldiaren borondatezko etena legezkoa bilakatu zenetik. Azaltzen diren datuak oso esanguratsuak dira. 2001-2005 denbora tartean abortuak amen heriotzen %37,5 eragin zuen, eta 2011-2015 tartean %8,1era jaitsi da hilkortasun-tasa. Adituen ustez, amen hilkortasun-tasa murrizteko, segurtasun gabeko abortuak prebenitzea derrigorrezkoa da, eta Uruguaiko esperientziak hala dela frogatu du. Baina datu horiek entzun ondoren, abortuaren kontra dagoen edonor iritziz aldatzeko prest egongo da?
 
Ebidentzia enpirikoaren arabera, Abiadura Handiko Trenbide-sare europarra sortzeko premisak gezurrak direla esan daiteke. Frogaturik dago ez duela hazkunde ekonomikoa bultzatzen, ezta lurralde, gizarte eta ekonomia arloko kohesio eta iraunkortasunik sortzen ere. Baina Europako garraio-politikaren kontraesanak inon izan badira zentzugabeak, Espainiako Estatuan izan da.
 
Autore desberdinek frogatu dutenaren arabera, (Albalate eta Bel, 2015; de Rus, 2011; Betancor eta Llobet, 2015; Bermejo eta Hoyos, 2016) estatu espainiarreko Abiadura Handiko Trenen linea bakar bat ere ez da sozialki errentagarria, eta komunitate zientifikoa bat dator horrekin. Espainiako tren azpiegituren kudeatzaileak, ADIFeko presidenteak berak, ideia hau berretsi du: «Ez dauka zentzurik 24 milioi bidaiariren (gaurko eskaria) AHT bat. Ez du zentzurik eta ez da iraunkorra». Kontuan edukita Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, hiriburuen arteko joan-etorriak (metropoli-eremuak barne) joan-etorrien %0,67 direla, badirudi euskal Y-aren proiektua errentagarritasun gutxien duen lineetako bat dela. Horrela izanik, proiektu hau gelditzeko asmorik agertu dute? Nola da posible halako datuak entzun ondoren iritziz ez aldatzea?
Azalpena sinplea da. Datuek pentsatzen dugunarekin bat ez badute egiten, datu horiek alde batera uzten ditugu. Harvard unibertsitatean lan egiten duen Michael Sanders filosofo politikoaren ustez, fenomeno hau gaur egungo gizarte polarizatuen ezaugarritze nagusia da. Hots, jendeak bere sinesmenak berretsiko dituzten iritziak soilik entzuten ditu. Irakasle honen arabera, gaur egun eztabaidatzeko artea galdu dugu eta batez ere elkarren kontrako iritziak eta planteamenduak konpartitzeko aukera desagertzen ari da, entzute aktiboaren praktika oso eskasa delako. Gakoa ez da bakarrik bestea entzutea, beste horren iritziaren azpian dauden printzipioak eta arrazoiak ulertzeko ahalegina egitea baizik. Baina horretarako zure egiak zalantzan jartzeko prest egon behar zara, alegia, mundua ikusteko eta ulertzeko duzun era kolokan ipintzeko gaitasuna eduki behar duzu. Ariketa horrek gure uste sendoak eta sinesmenen gaineko hausnarketa eskatzen du, azken finean zure burua desafiatu behar duzu. 
 
Baina ez da lan erraza. Gure kontakizuna defendatzeko, inkontzienteki arrazoitzen omen dugu, datu batzuk baztertzen eta beste batzuk onartzen, komeni zaigun norabidea eraikiz, hasierako momentutik interesatzen zaizkigun ondorioetara heltzeko. Hortaz, gure munduko ikuskerarekin bat egiten ez duten datuak ez ditugu aintzat hartuko. Hori bai, zure konfiantzazkoa den pertsona batek esaten baditu, errazagoa da kasu egitea eta iritziz aldatzea. Adibide bat: Frantzisko Aita Santuak Laudato Si Denona den etxea zaintzeaz entziklika ekologista idatzi ondoren, Estatu Batuetan 10 puntu igo zen munduko beroketa globala kaltegarria dela konbentzituta dagoen pertsonen ehunekoa. Gainera, AEBetako katolikoen artean 13 puntuko portzentajeko gorakada eduki zuen klima aldaketa benetakoa dela pentsatzen dutenen kopuruak. 
Mezularia garrantzitsua bada, mezua igortzeko modua ere kontuan eduki behar dugu. Australiako Queensland-eko Unibertsitateko ikerketa talde batek jiu jitsu konbentzitze kontzeptua asmatu du, lehiakidearen indarra lehiakidearen kontra erabiltzen duen gerrako arte horri erreferentzia eginez. Bestearen iritzian eragin nahi dugunean, kontra argudioak erabili ordez, bestearen argumentuaren motibazio oinarriak identifikatu beharko genituzke eta gure argudioa horretara egokitu. Beste pertsonaren funtsezko arrazoien inguruko hipotesi bat landu eta ezaguera-marko horrekin bateragarriak diren mezuak jorratu, aldaketak eragiteko. Mundua jasaten ari den beroketa efektua kezkagarria dela ebidentzia bat da. 1998tik gaur egun arte azken 136 urteetako hamar urte beroenak bizi izan ditugu, eta iaz Nature aldizkarian plazaratutako dokumentu baten arabera, zehazki hiru urte geratzen zaizkigu gure klima babesteko. Baina klima aldaketa ukatzen duen enpresari bat konbentzitzeko negozio «berdeen» inguruan hitz egin beharko diozu. Hortaz, ebidentziak baino nork lantzen dituen eta nola jorratzen diren dauka garrantzia.
 
Dena den, askotan iritziz aldatzeko ezintasuna, bi fenomeno desberdinekin lotu da. Batetik, umiltasun falta. Zaila omen da onartzea erratuta egon zaitezkeela eta pentsatzen duzun hori ez dela egokia. Beraz, Humberto Maturana biologoak esaten duen moduan, norbait erratzen denean eta esaten duenean «barkatu, erratu dut» zoriondu egin beharko genuke. Eta, bestetik, epaiketa soziala dago. Badirudi orain lehen pentsatzen nuena ez badut berresten munduko inkoherentziarik larriena egiten dudala. Nik halakoetan Foucault aipatzen dut: «Jendeak esaten duenean, ‘bueno, zuk orain dela urte batzuk hau pentsatzen zenuen eta orain beste gauza bat ari zara esaten’, nire erantzuna da: ‘bueno, zuk uste duzu urte hauetan guztietan gogor lan egin dudala berdina esateko eta aldatua ez izateko?’».
 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna