mikel reina
HIRUKOTIK

Aurrez idatzitako txapelduna

2020ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Los Angeles Lakers izan da 2019-2020ko denboraldiko NBAko txapeldun, Miami Heateri seigarren neurketan 106-93 irabazi ostean. LeBron James izendatu dute finaletako MVP, eta Kobre Bryanteri eskaini dio LarryO'Brien saria. Lakersek Boston Celticsen hamazazpigarren garaikurrak berdindu ditu.

Lehen eta azken aukera

Bere finala zen, eta ez du barkatu. Gaur egungo NBAn lehiakortasuna oso handia da, izar asko eta eraztun bakarra. LeBron Jamesek ezin zuen laugarren eraztuna eskuratzeko aukera alferrik galdu. Nahiz eta denboraldiak etenaldia izan, eta ezohikoa izan, ez dago aitzakiarik. Azken batean, txapelduna beti da txapeldun. 29,8 puntu, 11,8 errebote eta 8,5 asistentzia. Finaletako jokalari baliotsuena izan da laugarren aldiz, eta hiru talderekin Larry O'Brien saria eskuratzen duen lehen jokalaria. Zenbakietatik haratago doa haren lana. Liderra da. Kantxan antolatzaile lanak hartu ditu, eta azkenean bere eskuetatik igarotzen dira baloi guztiak. Handienen mailan dago. Baina onena da? Bakoitzak bere hausnarketa egin dezala. Gainera, Anthony Davis bidelagun duela dena samurragoa da. Haren inguruan zeuden zalantza izpi gutxiak lehen partidatik uxatu zituen. Bere estreinako finaleko lehen bi partidetan 30 puntu baino gehiago sartu zituen, Kevin Durant edo Michael Jordanen markak berdinduz.

Purpura eta urrea

«Titulu hau Koberen izenean da». Argi eta garbi utzi zuen LeBron Jamesek. Amaitu da aurretik idatzita zegoen istorioa. Ezin zen beste era batera bukatu. Lakers NBAko txapeldun izan eta berehala, zaleak Los Angeleseko kaleetara irten ziren «Kobe, Kobe, Kobe» oihukatuz. Ozen entzun zedin. Baita Bostonen ere. 57 urteren ondoren bi dinastien arteko borroka inoiz baino biziago dago. Aurtengo garaipen honekin purpura eta urrezko taldeak Celtics harrapatu du txapeldunen sailkapenean: biek hamazazpi aldiz altxatu dute Larry O'Brien garaikurra. Hurrengo frankizia oso atzera dago. Michael Jordanen Chicago Bullsek sei eraztun irabazi zituen zortzi denboralditan.

Izarren orbitan

Jimmy Butler Miami Heaten burua, bihotza eta indarra da. Dena. NBAko final honetan Erik Spoelstraren taldeak bi garaipen lortu baditu, harengatik izan da. Erasoan bide bakarra izan da. Taldeak irabazteko beste galaxia bateko haren bi hiruko bikoitz behar izan ditu. Ez zegoen beste biderik. NBAko finaletako historia luzean, bakarrik hiru jokalarik lortu dute 40 puntu edo gehiagoko hiruko-bikoitz bat lortzea eta bere taldeak garaipena eskuratzea: Jimmy Butlerrek 2020an, LeBron Jamesek 2015ean eta Jerry Westek 1969an. Bere taldeko onena izan da estatistiketan: 26,1 puntu, 9,8 asistentzia, 8,3 errebote. Galtzaile fama izan du bere ibilbidean, lidergoa falta zitzaiola. Denak agerian utzi ditu. Oraindik asko dira Butler munduko saskibaloi liga oneneko izarren artean bigarren edo hirugarren maila batean kokatzen dutenak. Orain, behintzat, eztabaida dago horren inguruan.

Iturri desberdinak

Lesioengatik eta taldearen egituragatik Jimmy Butlerrek jokoa sortu behar zuen, baloia eskuetan eduki eta ez beretzako soilik. Baita gainontzekoentzako jaurtiketak ahalbidetu ere. Tyler Herro edo Duncan Robinson bezalako jokalariek ez dituzte haien jaurtiketa propioak sortzen, hau da, ez dute bat baten kontrako jokaldietan ihes egiteko erraztasun hori. Jaurtitzaileak dira, beste jokalari baten laguntza behar dute. Bestela, haientzako egokitzen da joko sistema bat.

Los Angeles Lakersek taldekako joko sorrera hori hautsi du, eta ondorioz Butlerrek hartu behar izan du aginte makila. Lakersek, aldiz, morroitza lanerako jokalarien balioa handitu du. Lehendabizi hiruko marratik erakutsitako abileziagatik, nahiz eta gorabeheratsuak izan, egunak eta egunak izan. Baina batez ere defentsarengatik. Hori izan da Lakersen indargune nagusia, defentsan estutzen zuten bakoitzean baloi asko berreskuratzen zituzten, eta oso bizkor irteten ziren kontraerasora puntu errazak lortuz. Frank Vogelek taularen gainean piezak nahi bezala mugitu ditu, beti bere interesen araberako parekatze onena lortu arte. Hori da gaur egungo NBA. Talde luzeagoak edukitzeak mesede egin dio. Azken laurdenera Los Angeleseko taldea irabazten heldu den partida denetan gailendu da denboraldi honetan, 57 aldiz heldu da aurretik azken hamabi minutuetara eta 57 aldiz irabazi. Sendotasunaren seinale.

Lesioen zoria

Zalantzarik gabe NBAko finaleko irudietako bat Goran Dragicen malkoak izango dira. Antolatzaile esloveniarrak lehen partidako bigarren laurdenean ezkerreko hankako oinazpian min hartu zuen. Akabo. 34 urterekin bere ibilbide luzeko eraztuna irabazteko aukera onenaren eta seguruenik bakarraren aurrean zegoen. Jakitun zen. Hala ere, seigarren partidan azken saiakera bat egin zuen, beranduegi. Buruak eta bihotzak baietz zioten; gorputzak, aldiz, ezetz. Dragicek batez beste sartzen zituen 20,9 puntuak galdu zituen egun batetik bestera Erik Spoelstrak, baita haren lidergoa ere. Bam Adebayok, behintzat, finaletan estreinatzeko parada izan zuen, nahiz eta berak nahi ez zuen bezala izan. Miami Heateko iparrorratza da bere poste altuko mugimenduekin, bere inguruan antolatzen zen sistema osoa. Euskarria.Nola edo hala lortu du bere taldeari laguntzea, baina inoiz ez gainontzeko kanporaketetako maila berean. Are gehiago defentsan, nor eta Anthony Davis geratzeko arduradun bakarra bera izan denean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.