Egiptoko armadak Gazako mugatik bidali ditu herritarrak

Erredakzioa -

2014ko urriak 30
Gazako mugatik 500 metroko tartean bizi ziren herritar guztiak bidali ditu Egiptoko armadak, eta haien etxeak suntsitzen hasi da. Egiptoko Gobernuak dio neurri hori hartu duela Sinai penintsulan jarduten duten muturreko talde islamisten aurka borrokatzeko. Kairoren arabera, talde horiek Gazako muga gurutzatuta jarduten dute Sinain. Lehenengo fasean armadak mila inguru familia bidali ditu, eta 800 etxe suntsituko ditu, gehienak Rafah hirian, Gazarekiko muga pasaleku nagusian. Joan den ostiralean, 31 soldadu hil zituzten eraso suizida batean, eta horren ondotik hartu du gobernuak neurri horretako erabakia. Abdel Fattah al-Sisi presidenteak esan du «terrorismoa» arazo «existentziala» dela Egiptorentzat.

Mediterraneoko kostatik hasita 12-13 kilometro luze eta 1,5 kilometro zabal den eremu «neutral» bat eratu nahi du armadak, zibilik gabekoa. Itsasoaz gain, Gazak Israelekin ez daukan muga bakarra da Egiptorekikoa. Israelek bezala, Hamasek Gazan agintea hartu zuenetik (2007) Egiptok ere blokeatuta eduki du, eta kasu gutxi batzuetan ireki du, arrazoi humanitarioengatik. Horrez gain, Gazako ekonomiarentzat berebiziko garrantzia daukate Rafaheko legez kanpoko tunelek, Egiptotik kontrabandoz jasotzen baitituzte era guztietako gaiak. Muga gune militarizatu bihurtzeak egoera are larriagoan utz lezake palestinarren eremu txikia.

Erasoen ugaritzea 2011tik

Baina erabakiaren lehenengo kaltetuak, noski, bertako biztanleak izan dira. Al-Sisik esan die haien «Egiptok» ez duela haien «sakrifizioa ahaztuko», eta kalte-ordainak emango dizkietela jakinarazi du. Sinaiko tribu beduinoak hainbatetan matxinatu izan dira estatuaren aurka, diskriminazioa salatuta. Urteotan, muturreko talde islamisten erasoak nahasi dira Sinaiko jatorrizko gatazkarekin, eta talde horien jarduera bereziki ugaritu da Hosni Mubarak boteretik kendu zutenetik (2011).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna