Mideksa erbesteratu ohia, Etiopiako Hauteskunde Batzordeko presidente

Oposizioko lider zenari bizi osorako zigorra ezarri zioten 2005ean, eta ia bost urte egin zituen kartzelan. Lehen ministroak hautua defendatu du

Birtukan Mideksa Hauteskunde Batzordeko burua, atzo. ETIOPIAKO GOBERNUA.
Igor Susaeta.
2018ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Erreformak agindu zituen Abiy Ahmedek joan den apirilaren 2an, Etiopiako lehen ministro izendatu zutenean. Eta Birtukan Mideksa Hauteskunde Batzordeko presidente aukeratzea pauso gisa uler liteke erreforma horiek egiteko ahaleginean. Izan ere, EPRDF Etiopiako Herri Fronte Demokratiko Iraultzailearen kontra, Abiyren koalizioaren aurka egiteagatik bizi osorako espetxe zigorra ezarri zioten Mideksa oposizioko liderrari 2005ean, eta, 2010ean indultua jaso eta gero, AEBetara erbesteratu zen. Ordezkarien Ganberaren erabateko kontrola du koalizioak, eta zenbait parlamentarik zalantzak agertu dituzte Mideksaren izendapena dela eta, «inpartziala» izan daitekeelakoan. Baina egindako hautua defendatu zuen lehen ministroak, atzo: «Beste edonork bezala, bere iritziak edukiko ditu, baina uste dugu konstituzioa errespetatuz jokatuko duela». Mideksa epaile federala izan zen behinola, eta atzo, izendatua izan eta gero, adierazi zuen Etiopian «asko» dagoela egiteko sistema demokratikoa sendotze aldera, baina azkeneko hilabeteotan egindako «erreforma instituzionalak» nabarmendu zituen.

Epaile federala izan zenean hartu zituen zenbait erabaki ez ziren gobernuaren gustukoak izan—EPRDF 1991tik dago agintean—. Batasun eta Demokraziarako Koalizioaren liderretako bat bihurtu zen ondoren. Batik bat jokabide demokratikoa eduki zezala eskatzen zion Meles Zenawi lehen ministroari. 2005ean egindako hauteskundeetan EPRDFek emaitzak manipulatu zituela salatu zuen Mideksak. Salaketa hark protesta handiak eragin zituen, eta, segurtasun indarren errepresioaren ondorioz, ehunka lagun hil ziren. Mideksa atxilotua izan zen, oposizioko hainbat kiderekin batera, eta sistema konstituzionala «indarrez» aldatu nahi izatea leporatu zioten. Horrenbestez, bizi osorako kartzela zigorra ezarri zioten.

Indultua emateko eskatu zuen, eman zioten aurrenekoa 2007an, eta, urtebete geroago, Demokraziarako eta Justiziarako Batasunaren alderdia hauspotu zuen. 2008an, baina, berriro kartzelatu zuten.

AEBetan eman ditu azkeneko zazpi urteak. Duela hilabete batzuk han izan zen lehen ministroa, eta bueltatzeko gonbidapena egin zion Mideksari. Orain dela bi aste eskas itzuli zen. «Justiziaren eta ekitatearen defendatzaile ausarta da Birtukan [Mideksa]. Hauteskunde Batzordea erreformatzeko pertsona egokia da», azpimarratu zuen, atzo, lehen ministroak. Mideksani iruditzen zaio, berriz, «benetako demokraziarekiko konpromisoa» erakusten ari dela gobernua. 2020ko maiatzean egitekoak diren hauteskundeak prestatzea dagokio orain.

Emakumezkoak

Mideksaren izendapenarekin, beste erabaki esanguratsu bat hartu du Abiyk. Izan ere, orain arte gai izan da Eritrearekin bakea sinatzeko, oposizioko hiru alderdiri «terrorista» etiketa kentzeko, eta, besteak beste, indarrean zegoen larrialdi egoera indargabetzeko. Gainera, emakumezkoak jarri ditu erdigunean. Haren kabinetearen erdia andrazkoek osatzen dute, eta, emakumezkoak dira bai Etiopiako presidentea (Sahle-Work Zewde), bai Auzitegi Goreneko presidentea (Meaza Ashenafi).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.