Asmatu ezean, jai dago

Athleticek Sevillaren aurka jokatuko du gaur San Mamesen. Garitanok nabarmendu du «arduratuta» daudela, baina ez dutela antsietaterik

haritz gallastegi
2020ko urriaren 31
00:00
Entzun
«Sevilla talde ona da. Jokalari indartsuak eta azkarrak ditu, zelaiaren alde batetik bestera iristeko gaitasuna dutenak». Gaizka Garitanok argi du goi mailako talde bat izango dutela aurrean gaur San Mamesen.Julen Lopetegik maila oneko jokalariekin talde osoa egitea lortu du, pitzadura gutxikoa, eta Txapeldunen Ligan lehiakorra izateko egina».

Sevillak ez dirudi aurkaririk aproposena zailtasunak dituen talde batek bolada aldatu eta konfiantza hartzeko. Baina, akaso, Athleticek bere joko onena erakusteko egokiagoa da, apalagoa den kontrario asko bainoago.

Liga hasiera honetan aurreko urteetan agerikoa zena berretsi baino ez da egin. Hau da, atzean sartu, eta baloia uzten dioten taldeen kontra nahi eta ezin aritzen da Athletic. Zuri-gorriak txapelketan baloia gehien eduki dutenen artean bigarrenak dira. Baina neurketaren pisua eramateko gaitasuna eta abilezia behar da. Baloiarekin zer egin ez dakiten taldeei baloiarekin jokatzeko aukera ematea talde horiei min egiteko modurik eraginkorrena baita. Athleticek Levanteren kontra jokatu du denboraldiko neurketarik onena, eta jakinekoa da Levantek jokoaren ekimena hartzea duela gustuko.

Sevilla, ordea, baloiarekin eta baloi gabe moldatzen da ondo. Daukan gaitasuna aintzat hartuta, litekeena da neurketaren tarte handi batean zelai erdiaren kontrola izatea. Egoera hori baliatu dezake Athleticek kontraerasoan jokatu, eta aurkaria estu hartzeko. «Jokoaren arlo askotan maila ona ematen ari gara. Lau partida galdu arren, guztietan izan dugu emaitza hobea lortzeko aukera. Defentsan lan bikaina egiten ari gara. Baina, erasoan, azken pasean eta errematean eraginkorragoak izan behar dugu irabazteko», adierazi zuen Deriokoak.

Zuri-gorren lana oso kritikatua izan da sasoiaren lehen txanpan. Puntu faltak teknikariari zipriztindu du. Garitanoren lana ezbaian jarri da. Baina teknikariak eskarmentu handia dauka, eta badaki egungo futbolak nola funtzionatzen duen. Naturaltasunez bizi du egoera. «Irabazteko gogoa daukagu. Arduratuta gaude, baina ez daukagu antsietaterik». Bada, arduratik lasaitasunerako urratsa egiteko, gustuko duen hamaikakoa zelairatzeko aukera izango du. Okerrik ezean, Yuri hasierako hamaikakora itzuliko da. Hori izan daiteke berritasun bakarra. Iñigo Cordoba zerrendatik kanpo geratu da, belaunean mina duelako.

ATHLETIC-SEVILLA
Athletic. Simon; Capa, Yeray; Iñigo M. Yuri; Dani Garcia, Unai Lopez; Muniain, Raul Garcia, Berenguer eta Williams.
Sevilla. Bono; Navas, Kounde, Diego Carlos, Acuña; Gudelj, Jordan, Rakitic; Ocampos, Munir eta De Jong.
Epailea. Del Cerro Grande.
Lekua. San Mames.
Ordua. 16:15 (La Liga)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.